Bere alderik solidarioena erakutsi du beste behin ere Zarautz Abesbatzak, eta elkartasun kontzertua emango du larunbatean. Donostiako Eresmin abesbatzak egindako proposamena onartu ostean, emanaldi berezia prestatu dute elkarlanean, eta Frantziskotarren Elizan izango da, 20:30ean hasita. Zaporeak elkarteari emango diote hitzorduan bildutako dirua.
Josebe Kerejeta Zarautz Abesbatzako lehendakariaren hitzetan, joan den urtean jaso zuten Eresmin abesbatzaren lehen deia. Elkarrizketa horretan, Donostiako abesbatzak buruan zuen proiektua azaldu zion Zarauzkoari, eta elkarrekin kontzertu bat emateko proposamena ere egin zion. Kerejetak aitortu duenez, guztiak ados agertu ziren gonbidapenarekin, eta larunbateko kontzertua da horren emaitza.
Bere aldetik, Xabier Mendizabal Eresmin abesbatzako presidenteak esker hitzak izan ditu Zarautz Abesbatzarentzat, beren "gonbidapena onartzeagatik". Proiektuari dagokionez, Mendizabalek kontatu du "lehendik" dutela Zaporeak elkartearekin harremana; alegia, dagoeneko eman dituzte zenbait kontzertu solidario aipatu elkarteari laguntzeko helburuarekin. Aurten, ordea, zerbait "desberdina" egin nahi zuten.
Zaporeak elkartea Lesbosko (Grezia) errefuxiatuen kanpamenduetara elikagaiak bidaltzeaz eta bertan otorduak prestatzeaz nahiz horiek banatzeaz arduratzen da. Horregatik, ondorengoa pentsatu zuen Donostiako taldeak: "Eta errefuxiatu horiek gure kostaldera etorriko balira, zer-nolako harrera egingo genieke? Gure kostaldeko herrietan izango bagenitu, euskal kantak eskaintzea izango litzateke harrerarik beroena egiteko modua". Hain justu ere, horretan datza Eresminen azken proiektuak: kontzertu solidarioak eskaintzea Euskal Herriko kostako herrietan, eta Zarautzen izango da larunbatekoa. Horrez gain, beste hainbat herritan ere egingo du Eresminek kontzertu solidarioa: Hondarribian (Gipuzkoa), Sopelan (Bizkaia), Bermeon (Bizkaia), Santurtzin (Bizkaia) eta Miarritzen (Lapurdi).
Ibilbidean zehar, gainera, herri bakoitzeko abestirik esanguratsuenak bildu nahi dituzte, horiekin guztiekin errepertorio berezi bat osatzeko. Asmoa da zerrenda hori abesbatza guztietara zabaltzea, taldeek beren egin dezaten eta kantu horiek kontzertuetan abes ditzaten. Azken finean, abesti horiek tokian tokiko mugak zabaltzea eta Euskal Herrian ezagutaraztea da Eresminen helburua. Zaporeak elkarteari ere zuzendu zaio Mendizabal: "Zuentzako da hau". Haren esanetan, kontzertuaren helburua, dirua biltzea ez ezik, herritarrek Zaporeak elkartearen berri izatea da.
Era berean, Zaporeakeko kide Txomin Arrutik esker ona adierazi die bi abesbatzei: "Asko eskertzen dizuegu gugatik egiten duzuena". Zera gehitu du: "Euskal herritarrengatik izango ez balitz, Zaporeak ez litzateke existituko; sekulako konpromisoa erakutsi dute hasiera-hasieratik". Hark gogoratu duen moduan, zortzi bat urte daramatzate egunero 1.500 bazkari inguru banatzen, "eta hori ez da diruarekin bakarrik sostengatzen, gizartearen laguntza ere ezinbestekoa da". Izan ere, Lesbosera joaten dira zenbait boluntario, eta badira bazkide eginda proiektua laguntzen dutenak ere.
Kontzertua
Zarautz Abesbatzak hasiko du etziko emanaldia, eta hitzordurako berariaz prestatutako hiru abesti interpretatuko ditu, itsasoarekin lotura dutenak. Jarraian, Eresmin abesbatza igoko da oholtzara, eta sei abesti interpretatuko ditu. Haien ondoren, Eresmin abesbatzako txistulari taldearen txanda izango da, horiek ere parte hartuko baitute hitzorduan, eta amaitzean, Eresminek beste sei abesti kantatuko ditu. Amaitzeko, bi abesbatzek elkarrekin Agur zaharra abestuko dute.
Urriaren 24an ere kontzertu bateratua eskainiko dute Zarautz eta Eresmin abesbatzek, baina Donostian.