Lehen aldiz parte hartu duzu Pagoeta mendi lasterketan eta irabazi egin duzu. Hori bai hori balentria!
Espero baino hobeto joan zen lasterketa. Eguraldi oso ona egin zuen, eta lurra oso egoki zegoen korrika egiteko. Lasterketaren hasieratik gorpuzkera ona izan nuen. Sekulako giroa zegoen, eta jende pila bat hurbildu zen lasterketa ikustera.
Lasterketan zehar, lehen postuan nindoala eta hurrengoari nahikoa tarte ateratzen niola esaten aritu ziren lagunak, erreferentziak emanez. Helmugara iristerakoan, zertxobait barneratuta neukan aurrena nintzela. Mendian denbora gutxian ibilita mota horretako proba bat irabaztea, eta gainera, norbere herrian, etxean, oso pozgarria da. Ez dakit liberazioa den hitza, baina gainean daukazun presio guztia kentzea poz handia da.
Ba al zeneukan itxaropenik?
Lehengo urtean izena eman nuen, baina ezin izan nuen parte hartu. Ibilbidea eginda neukan, baina lasterketa baten barruan inoiz ez. Irteera lerroan zein dagoen eta zein ez begiratzen duzu. Konturatu nintzen begiz jota nituen korrikalari on asko ez zeudela. Lasterketa hasieran aurrean jartzen saiatu nintzen, eta igoeran, bigarrenari bost minutuko tartea ateratzen niola esan zidaten. Beheraka ondo nindoala eta bigarrenak ez ninduela gaindituko pentsatu nuen. Geratzen zen tartea aldapa behera zen, eta horrela korrika egitea nire indarguneetako bat da. Erreferentzia hori izanda, disfrutatzea besterik ez zitzaidan gelditu.
Denbora beti kontrolpean?
Ez neukan emaitzaren eta denboraren inguruko erreferentziarik; ez nekien zer denbora egin nahi nuen. Proba dibertigarria izatea eta jende asko egotea espero nuen, gozatzeko proba bat izatea. Espektatiba horiek guztiak bete ziren, uste nuena baino jende gehiago bertaratu zen. Ez dakit lortutako denbora ona den ala ez, baina nire iritziz, oso ondo dago.
Nola prestatzen da horrelako lasterketa bat fisikoki eta mentalki?
Lasterketa hau ez nuen espresuki prestatu. Proba asko egiten ditut eta etengabe entrenatzen ari naiz. Nire egutegian oso nabarmenduta egon da Pagoetako mendi lasterketa, garrantzitsua zelako niretzat. Uste dut mentalki nahiko prestatuta nagoela, batez ere denbora daramadalako korrika egiten. Burua entrenatu behar da, mendira joan eta asfaltoan ibili. Datorkizunaz jabetzea eta horri aurre egiteko gai izango zarela ziurtatzea oso garrantzitsua da. Lasterketa honetarako nire eguneroko entrenamenduak jarraitu nituen.
Nolakoa izan zen herritarren harrera?
Lasterketetako gune askotan bakarrik egoten zara, baina leku zailenetan jendea egon ohi da. Une horietan hazi egiten naiz; oinez banoa eta jendea baldin badago korrika hasten naiz. Zentzu horretan, niri pila bat laguntzen dit herritarren harrerak. Proba Zarautzen izanda eta inguruko herrietako jendea egonda, etxean sentitzen zara. Animatzeko modua desberdina da, maitasun gehiagorekin animatzen zaituzte. Zarautzen sekulako jendetza zegoen. Aste honetan beste lasterketa bat izan dut, eta bertan ez zegoen inor animatzen. Pagoeta bezalako proba bat apartekoa da.
Emakumezkoetan lehenengo hirurak zarauztarrak izan zineten. Nola bizi duzu emakumezkoen presentzia korrikalarien esparruan?
Lehenengo hirurak zarauztarrak ginela jakitea pozgarria izan zen, eta herriko neskekin podiuma partekatzea sekulakoa. Baina oraindik badaude desberdintasunak, gizonezkoen presentzia handiagoa da. Emakumeok geroz eta gehiago animatzen garela iruditzen zait, kirola egitera bakarrik ez, lasterketetan parte hatzera ere bai. Lehiaketa zerbait maskulinotzat hartu izan da beti, baina uste dut emakumezkoak ere lehiatzera animatzen eta gauza txukunak egiten ari garela.
Zer nahiago duzu, asfaltoa edo mendia?
Duela bi urte inguru hasi nintzen korrika egiten asfaltoan. Tarteka mendi lasterketak ere egin ditut, Izetako bikotekakoa, esaterako. Lehengo urtean Talaimendiko lasterkerta egin nuen probatzearren, eta mendian gehiago ibiltzen hasi nintzen. Soronea Ammma CMO Valves taldean sartu nintzen, eta bietatik egiteko aukera eman didate. Abendura arte asfaltoan ibili naiz, eta orain, aldatzeko eta burua pixka bat argitzeko, mendira pasatu naiz, baina asfaltora ere itzuliko naiz. Bi eremuak asko gustatzen zaizkit, eta biak elkarren osagarri direla uste dut. Astero bietan entrenatzen dut.
Bakarrik ala bikoteka hobeto?
Nire egunerokoan bakarrik entrenatzea eta lasterketetara bakarrik joatea gustatzen zait. Orokorrean nahiago izaten dut bakarrik lehiatzea, baina bikoteka egin ditudan lasterketak oso dibertigarriak izan dira; Zarauzko Kros Mistoa, Aritz Arregirekin egin nuena, eta Izetakoa, kuadrillako bi lagunekin egin nuena, besteak beste. Dibertigarria da binaka korrika egitea, baita sufrimendua eta garaipena partekatzea ere. Aritzek eta biok Zarauzko Kros Mistoa irabazi genueneko unea oso berezia izan zen, batez ere elkarrekin irabaztea eta zoriontasuna partekatzea.
Ba al duzu helburu nagusiren bat esku artean epe laburrera begira?
Pasa den astean lasterketa luze bat egin nuen Soronea Ammma CMO Valves taldearekin, Espainiako taldekako txapelketakoa, eta talde bezala irabazi egin genuen. Aurten Zegama-Aizkorri lasterketa egiteko aukera sortu zait. Oso gogorra izango da, baina behin behintzat bizi beharreko esperientzia da. Inguruotan beste hainbat lasterketa ere egingo ditut: esaterako, Oriokoa eta Tolosako T2T. Datorren urtera begira, ondo egonez eta datak bat etorriz gero, berriz egingo dut Pagoeta mendi lasterketa. Herriko probak egin egin behar direla pentsatzen duen horietakoa naiz; beraz, posible bada behintzat, bertan izango naiz.