Ekaitz Etxabe eta Manex Kalegain: "Barneratuta daukagu igoera fasea ongi  gaindi dezakegula"

Aritz Mutiozabal 2026ko maiatzaren 6a

Amenabar Zarautzeko jokalari Ekaitz Etxabe eta Markel Kalegain. (Aritz Mutiozabal)

Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzeko fasea jokatuko du Amenabar Zarautzek, eta Ekaitz Etxabe (Zarautz, 2003) eta Manex Kalegain (Zarautz, 2003) jokalariak gogotsu daude hitzorduaren atarian.

Amenabar Zarautzek lehia garrantzitsua du asteburuan: maiatzaren 8tik 10era, Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzeko fasea jokatuko du Las Palmasen (Kanaria uharteak, Espainia). Anfitrioia den Ingenio, Kataluniako La Roca eta Valentziako Sant Joan taldeen aurka neurtuko ditu indarrak, eta guztia emango dute dagokien kategoriara itzultzeko.

Sekulako denboraldia osatu duzue, partida ia guztiak irabazita; bakarra berdindu duzue. Igoera fasea opari bat bat baino gehiago, denboraldiko benetako helburua litzateke?
Manex Kalegain: Egia esan, guretzako hauxe da helburua. Azken finean, mailaz igotzeko planifikatu dugu denboraldia hasiera-hasieratik. Denboraldi bikaina egin dugu orain arte, eta nik uste dut igoera lortzen ez badugu, ez dugula guztiz borobilduko.

Iaz mailaz jaitsi zineten, Espainiako Eskubaloi Federazioak liga hasita hartutako erabaki baten ondorioz. Hori ere kontuan izan behar da.
Ekaitz Etxabe: Epaiketak aurrera jarraitzen du, eta oraindik ez digute ezer esan. Gauza da azken laugarren geratu ginela, eta azken laugarrenak promozio kanporaketa jokatzen du Lehen Nazional Mailako talde baten aurka; irabazten duena Zilarrezko Ohorezko Mailan geratzen da. Duela bi urte Oviedori partida bat galdutzat eman zioten eta ondorioz maila galdu zuen, baina, ondoren, epaiketak izan zituzten eta Asturiasko taldeari arrazoia eman ziotenez, plaza bermatu zioten hurrengo denboraldirako. Hala, iaz erabaki zuten azken lau sailkatuak zuzenean jaitsiko zirela mailaz. Beraz, beste batzuen akatsen ondorioak ordaintzen ari gara. Klubak ere antzeman du, babesleei dagokienez, zuloa.

Behintzat, kirol mailan defendatuko duzue Amenabar Zarautzen tokia Ohorezko Zilarrezko Maila dela, ezta?
M.K.: Epaiaren emaitza etorriko da etorri behar duenean, baina guk kantxan erakutsi nahi dugu gure gaitasuna.

Zuena talde indartsua dela erakutsi duzue urte osoan. Entrenatzaile aldaketak zerikusirik izan al du horretan? Ala jokalariok ere hasieratik sinetsi duzue gai zaretela?
E.E.: Ez dakit... Taldeak izan duen sentsazio orokorra izan da, gainerako taldeekin alderatuta, koska bat gorago gaudela. Aurtengo denboraldian bistakoa izan da hori; nahiz eta partida batzuetan horren ongi ez jokatu, askogatik irabazi ditugu neurketak. Agian, Zilarrezko Ohorezko Mailan justu-justu ibiliko ginatekeen, eta Lehen Nazionalean aski erraz aritzen gara. Baina, zalantzarik gabe, Amenabar Zarautzen tokia Zilarrezko Ohorezko Maila da.

Igoera fasea ostiraletik igandera bitartean jokatuko duzue Las Palmasen, etxeko zaleen bultzadatik oso urrun.
M.K.: Nahiago genuen etxean jokatu, bultzada handiagoa izango genukeelako, zaleak inplikatuago egongo liratekeelako eta kantxa ere betikoa izango litzatekeelako. Igoera fasea Kanaria uharteetan jokatuko dugun arren, herriko jendea animatu da eta zaleak joango dira hara gu animatzera eta babestera. Alde horretatik, itxura ona hartzen diot asteburuari.
E.E.: 40-45 lagun animatu dira igoera fasea ikustera, direla gurasoak, direla lagunak. Hemengo berotasunaren zatitxo bat izango dugu han, nahiz eta ezin den inolaz ere konparatu Aritzbatalden sortzen den giroarekin. Duela bi urte etxean jokatu genuen igoera fasea, eta ohartu ginen nolako bultzada izan zen harmaila guretzat. Baina pozgarria da jakitea zaleak bertan izango direla, baita etxetik ikusiko duten guztiak gurekin egongo direla ere [kontuan izan behar da ordubeteko ordu aldaketa dagoela Kanaria uharteen eta Euskal Herriaren artean].

Amenabar Zarautz taldea partida baten hutsartean. (Luis Epelde)

 

Duela bi urteko balentria errepikatzera joango zarete, beraz?
E.E.: Hura bai izan zela borobila, azken segundoan penaltia sartuta lortu baikenuen igoera. Espero dugu aurten azken unera arte itxaron behar ez izatea.

Nola ikusten dituzue igoera fasea eta aurkari izango dituzuen taldeak?
E.E.: Taldeei erreparatuta, irabaztea duela bi urte baino errazagoa izan daitekeela uste dugu. Hasierako lehian talde katalana saihestu nahi genuen, baina zortea ez dugu alde izan eta La Rocaren aurka jokatuko dugu lehen egunean, ostiral arratsaldean [maiatzaren 8an, 20:15ean].

Aurrez aurre izango ditugun hiru taldeen artean hori litzateke indartsuena. Etxeko lanak lehenengo norgehiagokan egin beharko dituzue, hortaz?
M.K.: Dudarik gabe. Entrenatzaileak esan digu igoera fasea hiru egunetan jokatzen dela, baina partidaz partida joan behar dugula. Momentuz, estreinako norgehiagoka hori ari gara prestatzen, baina egunez eguneko partidak irabazteko pentsaerarekin.
E.E.: Hori da. Izan ere, alferrik da igandeko partida oso ongi prestatzea, aurreko biak galtzen badituzu; egoera horretan ez duzu zereginik. Duela bi urteko igoera fasean ere dinamika bera jarraitu genuen: ostiraleko neurketa prestatu genuen gehien, hori galduz gero aukera asko galtzen dituzulako.

La Roca litzateke kontuan hartu beharreko taldea. Zer diozue Ingenio eta Sant Joan taldeei buruz?
E.E.: Las Palmaseko Ingenio taldea bigarren geratu da bere multzoan, eta lehen sailkatuaren aurka 20 goleko aldearekin galdu zuen. Emaitza horrek nahasi egiten gaitu; jokalariak ez ditugu ezagutzen eta ez dakigu zer topatuko dugun [maiatzaren 9an, 18:00etan]. Valentziako Sant Joan oso talde beteranoa da; jokalari ia denek 30 urtetik gora dituzte. Zentzu horretan, igoera fase baterako behar den eskarmentua badute, zakur zaharren esperientzia hori. Guretzako ona da haien aurka igandean jokatzea [maiatzaren 10ean, 10:00etan], agian nekatuxeago harrapatuko ditugulako. Gu ere ari gara gogoetak egiten asteburura begira.

Nola dago taldea une garrantzitsu honen aurrean?
M.K.: Taldea oso indartsu dago. Ligan erakutsi dugu erregularrak garela eta igoera fasea ongi gaindi dezakegula; barneratuta dugu hori. Lesioei dagokienez, nahiko ongi gaude. Egia da Joel Baltasarrek birus bat harrapatu duela eta ezingo duela parte hartu, eta Mikel Beristain kapitainak Akilesen tendoia hautsi zuela denboraldi hasieran. Bi baja horiek kenduta, taldea ongi osatuta daukagu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide