Eguraldi paregabea lagun, Familia Giroan ekimenari hasiera emateko

Mireia Galarza Bastida 2026ko maiatzaren 1a

Goizean goiztik, Euskadiko Aeropress Kafe Txapelketari ekin diote Merkatu Plazan, eta pixka bat beranduago, 11:30ean hasita, puzgarriak izan dira Frontoi Txikin eta Lege Zaharren Enparantzan. Aldi berean, Vista Alegre auzoan sendabelarren inguruko tailerra ere egin dute, eta parrilla ere izan da Merkatua Bizirik elkartearen eskutik. Asteburuan zehar ere izango da zer gozatua herrian.

Eguraldi paregabearekin hasi dute gaurkoan Zarautz Familia Giroan ekimena. Goizean goiztik, 10:30ean hasita, gutxi gorabehera, Euskadiko Aeropress Kafe txapelketari ekin diote Merkatu Plazan, eta pixka bat beranduago, 11:30ean hasita, puzgarriak izan dira Frontoi Txikin eta Lege Zaharren Enparantzan. Aldi berean, Vista Alegre auzoan sendabelarren inguruko tailerra ere egin dute, eta parrilla ere izan da Merkatua Bizirik elkartearen eskutik. 

Aeropress txapelketari dagokionez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoko 30 pertsona inguru izan dira hitzorduan, baita parte hartzaileei babesa eskaini dieten gertuko lagun eta familiakideak ere. Lehiaz gain, ordea, giroa alaitzeko DJa ere izan da bertan, eta ikusminak eraginda, hainbat eta hainbat herritar gerturatu dira Merkatu Plazako lehen solairura. Sabelak betetzeko egin duten bazkariaren ondoren, Ramona´s First Evil Boyfriends musika taldearen emanaldiaz ere gozatu ahal izan dute gerturatu direnek. 

Arratsaldean ere izango da zer egina herrian. Izan ere, 16:00etan hasita, orientazio erronka egingo dute Torre Luzea parketik abiatuta, eta puzgarriak eta Marsel magoaren emanaldia ere izango dira, hurrenez hurren, Frontoi Txiki eta Lege Zaharren Enparantzan nahiz Modelon. Biharko eta etzirako ere antolatu dituzte ekintzak. 

Egitaraua

Gaur, ostirala

  • 16:00-18:30. Orientazio erronka, Torre Luzea parketik abiatuta.
  • 16:30-19:30. Puzgarriak
  • 16:45.  Marsel magoaren emanaldia.

Bihar, larunbata

  • 10:30 eta 12:30. Sukaldaritza tailerra, Zurekin elkartearen eskutik
  • 12:30 eta 16:30. Bisita gidatua Arte eta Historia Museoan
  • 18:30-19:30. Buruhandiak eta erraldoiak
  • 19:30-20:30. Sugarri txaranga

Etzi, igandea

  • 11:00. Zarauzko Herri Lasterketa
  • 12:00-14:00. Plaza dantzak
  • 16:30. Bisita gidatua Arte eta Historia Museoan

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide