Basarri Bertsopaper Sarira lanak aurkezteko epea zabaldu dute jada

Intza Trula 2026ko maiatzaren 2a

Maddalen Arzallus iaz, sariketa irabazi ostean, bertso sorta aurkezten, Santa Klara elizan. (Aritz Mutiozabal)

Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok eta Uxue Alkortak osatuko dute epaimahaia, eta irabazleak 1.800 euro eskuratuko ditu. Lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 19a izango da.

Martxan da Basarri Bertsopaper Sariaren 42. edizioa, eta jada zabaldu dute bertso sortak aurkezteko aukera. Zarauzko Udalak antolatzen duen sariketak hainbat helburu ditu: euskara eta bertsolaritza sustatzea, eta euskal sormenean eragitea, hain zuzen ere. 

Udalak gogorarazi du sariketara gehienez bi lan bidal ditzakeela sortzaile bakoitzak, eta gaia librea dela. Halaber, lanak originalak, argitaratu gabeak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dutela azpimarratu du erakundeak, eta bertsopaper bakoitzak, gutxienez, zortzi bertso izan beharko ditu. Gainera, izenburuaren ondoan bertso sorta bakoitzaren doinua zehaztu beharko dute.

Edonork parte har dezake lehiaketan, eta sari bakarra egongo da, 1.800 eurokoa. Aurtengo epaimahaia Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok eta Uxue Alkortak osatuko dute, eta irabazlearen izena uztailaren lehen astean jakinaraziko dute. Sari banaketa ekitaldia uztaileko Bertso Astearen barruan egingo dute.

Hori horrela, lehiaketaren oinarriak ondorengo lotura honetan kontsulta daitezke. Lanak, berriz, kultura@zarautz.eus helbide elektronikora bidali beharko dira, eta horretarako azken eguna ekainaren 19a izango da.

1985az geroztik antolatzen du udalak lehiaketa hau, eta estilo zein adin ezberdinetako bertsolariak nagusitu dira bertan: esaterako, duela bi urte Aitor Bizkarra izan zen txapelduna, eta iaz Maddalen Arzallusek irabazi zuen sariketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide