Mikel Lopetegi 'Urra' eta Maddi Gesalaga txapeldun Bi Harri txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 26a

Zarauztarrak nagusitu ziren atzo etxeko lehian. Emakumeek aurrena eta gizonek ondoren, zazpi minutuan egin zituzten harri jasotze lanak, txandaka altxatuz Jai txiki eta Mollarri harriak. Odei Iruretagoiena Izeta IV.ak atzoko saioarekin agurtu ditu lehiaketak: "13 urtetatik nabil lehian, eta orain gozatu egin nahin dut", aitortu zion hedabide honi. 

Bi Harri txapelketan parte hartu duten hamabi harri jasotzaileek ikuskizun ederra eskaini zuten atzo arratsaldean Aritzbatalde pilotalekuan. Jai txiki eta Mollarri harriekin aritu ziren lanean, bakoitza zazpi minutuz eta harri bat eta bestea txandaka altxatuz, eta gizonezkoetan iaz bezala Mikel Lopetegi Urra-k jantzi bazuen txapela harriak 27 bider jasota, emakumezkoetan garaile berria izan zen atzokoan, altxaldi bakarragatik Maddi Gesalaga gailendu baitzitzaion Lierni Osari, 34 altxaldirekin –35 jasoalditan dago emakumezkoen errekorra–. Etxean gelditu dira, beraz, txapelak aurten ere. 

18:00etan hasi zen txapelketa. Ohi bezala, emakumeek ekin zioten lanari. 68 kiloko Jai txiki harriarekin eta 64 kiloko Mollarri harriarekin aritu ziren. Iazko irabazlea atera zen aurrena jendaurrera, Ainitze Zumeta zarauztarra, baina aurtengoan ezin izan zuen txapelik jantzi. Ez zen urruti ibili, hala ere, 32 altxaldi egin baitzituen. Estefi Etxebeste aritu zen bigarren, eta horrek denera 30 jasoaldi egin zituen. Maddi Gesalaga zarauztarra aritu zen ondoren, eta erakustaldia eman zuen 17 urte besterik ez dituen harri jasotzaile gazteak. Ane Atxutegik lehenbiziko aldia zuen txapelketa horretan, eta 19 jasoaldi egin zituen. Ondoren beste zarauztar baten txanda etorri zen, Lierni Osarena, eta altxaldi bakarragatik ez zuen berdindu txapeldunaren saioa. Eider Garcia Durana izan zen lehiatzen azkena; 23 jasoaldi egin zituen horrek. 

Gizonetan alde nabarmenagoa

Emakumezkoetan lehia bizi-bizia izan bazen, gizonezkoetan aise gailendu zen Urra. Bigarrena izan zen lehiatzen, eta 27 altxaldi egin zituen guztira. Aurreneko gizonezkoa ondoko herrikoa izan zen, Gorka Etxeberria oriotarra. 17 jasoaldi egin zituen horrek. Urraren ondotik, Odei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarra lehiatu zen. 21 bider altxatu zituen harriak horrek. Azken txapelketa izan zuen atzokoa, eta etxean eta erakustaldi bikaina eginda amaitu zuen ibilbidea, jaialdietan parte hartzen jarraituko duen arren. "13 urtetatik nabil lehian, eta orain gozatu egin nahin dut", aitortu zion hedabide honi atzo lehiaketa amaitu zenean. 

Laugarren partaidea beste zarauztar bat izan zen, Xabat Olaizola. 22 jasoaldi egin zituen horrek. Jon Marijuan aritu zen ondoren lanean. Atxutegi bezala, aurreneko aldiz aritu zen bi harri baldarrekin, eta 12 jasoaldi egitea lortu zuen. Beñat Telleriarekin amaitu zen txapelketa; 20 altxaldi eman zizkien harriei horrek. 

Aurtengoan ikusleek frontoirik bete ez duten arren, bertaratu zirenek gozatua hartu zuten, eta gogotik egin zieten txalo txapeldunei nahiz parte hartzaile guztiei. 

Argazkiak: Ibon Errazu

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide