Mahaiaren bueltan bertakotzen

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 25a

Herriko 11 elkarte gastronomikotan ezohiko jakiak izan dituzte gaur bazkaritan. Izan ere, Bertakoak egitasmoaren bitartez, sukalde barreneraino sartu dira beste 11 herrialdetako zaporeak: zehazki, Palestina, Guatemala, herrialde zeltikoak, Afganistan, Ukraina, Bolivia, Senegal, Honduras, Paraguai, Nikaragua eta Kolonbiakoak.

Lurrin desberdina dator gaur Zarauzko elkarte gastronomiko askotako sukaldeetatik. Ohiko txuleta, bakailao eta paellen ordez, ezti, banana, txile eta beste hamaika produktu sartu ditu, aurten ere, Bertakoak egitasmoak. 11 elkarte gastronomiko animatu dira beren ateak zabaltzera herriko beste horrenbeste kulturetako zarauztarrei, eta elkarrekin bazkaldu dute, giro paregabean. 

Zehazki, Palestina, Guatemala, herrialde zeltikoak, Afganistan, Ukraina, Bolivia, Senegal, Honduras, Paraguai, Nikaragua eta Kolonbiako jakiak dastatu dituzte Iñurritza, Itxasmendi, Alkartasuna, Arrano, Sociedad Caballeira, Batzokia, Galeperra, Ezkertoki, F. Zurbaran, Kurpil eta Ongi Etorri elkarteetan. 

Falta direnak gogoan

Palestinarrek, esaterako, egunak zeramatzaten gaurko otordua prestatzen, Tahreer MM Abujamik Gukari azaldu dionez. Postreetako batzuk egiteko, izan ere, denbora asko behar da, eta baita oilaskoa modu zehatz batzuetara prestatzeko ere. Eugenio Uranga Iñurritza elkarteko lehendakariak 09:00etarako zabaldu dizkie elkarteko ateak palestinarrei, eta elkarrekin aritu dira sukaldean. Oilaskoa izan da plater nagusia, eta tomate eta piper entsalada eta gozokiak ez dira falta izan. 

Giro ederra sortu du egitasmoak elkarte horretan, baina Abujamik ez ditu etxekoak ahaztu nahi izan, eta kazetariari eskatu dio jartzeko oraindik familiako kide batzuk Gazan daudela eta beren nahi bakarra dela denak Euskal Herrian elkartzea. 

Iñurritzakoa izan da otordurik jendetsuenetakoa; Palestinako lau familia elkartu dira, bi Zarautzen daudenak eta beste bi Donostian –denak ere Cedar erakundearen bitartez etorriak–, eta zarauztarrekin nahastuta, 50 lagun elkartu dira. Urangak nabarmendu du jende gehiagok eman duela izena, eta kanpoan gelditu direla batzuk toki faltagatik. Zarauzko Udalak egitasmoa martxan jarri zuenetik ari dira parte hartzen elkarte horretakoak, eta lehendakariak esan du ekintza inportantea dela herritarrek elkar ezagutzeko. 

Argazkiak: Onintza Lete Arrieta eta Zarauzko Udala

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide