Gastronomia aitzakiatzat hartuta, beste herrialde batzuetatik etorritako bizilagunekin harremanak sendotzeko xedearekin sortu zen Bertakoak. Zarauzko Udalaren ekimenez, eta herriko elkarteekin elkarlanean, jarri zuten abian kulturarteko egitasmoa, eta lehen alditik izan zuen arrakasta. Aurten, hamaikagarrenez antolatu dute, eta hasierako ilusio eta aldarte berarekin egingo dute, bihar bertan, 11 herrialdetako ordezkariek, 11 elkartetan.
Idannia Perez nikaraguarrak orain arteko edizio guztietan parte hartu du, eta haien komunitatearentzat plazera da egitasmoan presente egotea. Halako jarduerak "garrantzitsuak" direla iritzi dio, jendeak beren gastronomia, ohiturak eta kultura ezagutzeko balio dutelako. Haren esanetan, bertan erabiltzen diren produktuak kozinatzen dituzte, baina beste modu batera: "Hemen kontsumitzen diren jakiak dira gureak, baina ezberdin eginak. Aniztasun handia dugu alde horretatik, eta beti saiatzen gara zerbait ezberdina prestatzen".
Interesgarria iruditzen zaio gastronomia erdigunean jarrita mahai baten bueltan elkartzea. "Oso esperientzia polita izaten da topaketa. Gainera, geure arteko elkarrizketak aberatsak izaten dira: geure herrialdeetako bizimodua nolakoa den kontatzen diegu bertaratzen direnei, nola etorri ginen hona, zer moduz moldatzen garen hemen... Izan ere, batzuek zorte handiagoa izan dugu beste batzuek baino, baina, tira! Egia esan, poztekoa da herrian gugan interesa duen jende asko egotea".
Topaketarako prestatzeak bere denbora eskatzen duen arren, beti saiatzen da tarte bat egiten bertan parte hartzeko. Herriko elkarte ia guztietan kozinatu ditu Nikaraguako platerak, eta larunbat honetan Vista Alegreko Kurpil elkartean izango da, pozarren. Menua ere pentsatuta dauka: chilaquile batzuk guakamolez lagunduta, haragi enpanadatxoak, patata beteak, jalapeñoa eta juka kruxpetak. "Jendeari beti asko gustatu izan zaio eskaini dioguna. Gainera, herritarrek gogotsu parte hartzen dute topaketan; iaz, esaterako, 28 lagun animatu ziren bazkaltzera".
Zalantzarik ez du Perezek, eta Zarautz herri irekia eta abegitsua dela dio: "Herriak atseginez hartu gaitu, eta herritarrak oso alaiak dira gurekin. Horrelako jardueretan, behintzat, kontuan hartzen gaituzte".
Pertsona bezala
Alex Makarov ukrainarrak hirugarren aldiz parte hartuko du Bertakoak egitasmoan, eta aurreko edizioak bezala, aurtengoa ere perfektua izango dela uste du. "Herrian ezagutzen gaituzte geure herrialdeko gatazkagatik, baina nahi dugu pertsona bezala ezagut gaitzaten, eta ez borrokan ari den herrialde batekoak garelako". Makarovek hogei urte baino gehiago daramatza Zarautzen bizitzen: "Alaba txikia zela iritsi ginen, eta bera hemen hazia denez, zarauztarra da". Bizilagunen artean ezagunak direla dio. "Elkarren arteko tratua oso ona izan da denbora honetan guztian".
Kozinatzea gustuko du Makarovek, eta Carvalleira elkarteko bazkidea da. "Kultura bakoitzak duen onena hartu eta kozinatzea atsegin dut; Euskal Herriko eta Ukrainako ohiturak uztartzea, alegia. Askotan jendea harritu egiten da, produktu berberak erabilita zeinen ezberdin ateratzen zaizkidan ikustean". Aurten, astro guztiak parez pare lerrokatu dira, eta Bertakoak egitasmoan aipatu elkartea egokitu zaio Ukrainari. Beraz, "etxean" jokatuko dute: "Niretzat askoz hobeto, tresneria guztia non dagoen badakidalako".
Bertakoak bezalako egitasmoak integraziorako lagungarri direla uste du, baina herrira egokitzea ahalbidetzen duten jarduera asko daudela ere bai: "Nik uste dut herrian integratu nahi duena, borondate hori duena, integratu egiten dela". Adibide gisa, Makarovek azaldu du duela hamar bat urte beteranoen arraun taldean aritu zela: "Edonor onartzen zuten, eta oso gustura aritu nintzen haiekin. Beraz, integratzeko aukera guztiak ditugula iruditzen zait. Gure familiak inoiz ez du zailtasunik izan atzerrikoak izateagatik" .
Hark kontatu du, Ukrainako jakiak dastatu ez ezik, jendeak herrialdearen egungo egoera politikoaren berri jakin nahi izaten duela Bertakoak topaketan. Otorduen hasierak hotzagoak eta serioagoak izaten direla dio, baina bazkariak aurrera egin ahala, beste aldarte bat sortu ohi dela. Aurtengo edizioan ere talde ederra izango du alboan, eta dena primeran ateratzea espero du.
Lehen aldiz
Itxaropen bera du Luz Mery Chaca boliviarrak. Bertakoak egitasmoa ezagutzen bazuen ere, modu aktiboan estreinakoz parte hartuko du aurten. "Duela hiruzpalau urte, oporretan etorri nintzenean, nire amaginarrebak parte hartu zuen, eta berari laguntzen aritu nintzen. Orduan izan nuen jardueraren eta haren xedearen berri. Beraz, interesgarria iruditu zait aurten neuk parte hartzea".
Boliviako komunitateari ezin hobeto iruditzen zaio bizipenak partekatzeko espazioak sortzea, kulturarteko harremanak sustatzea. "Biharko topaketa aukera ederra da bertakoek gure herrialdeaz erreferentzia bat izateko; otordu baten bueltan guztiok elkartzeko eta harremanak egiteko modua izango dugu". Zarautzen bizilagunengandik "berotasun handia" jaso dutela adierazi du Chacak. "Biharko dudan helburu nagusia da nire herrialdearen zati bat eskaintzea bazkarira datozen guztiei", azpimarratu du hark, gogotsu.