Zarauzko Udalak Txukun Lorazaintza enpresari esleitu dio berriz ere herriko erreken zein hezeguneen garbiketa zerbitzua. 2015etik egiten du garbiketa hau udalak, urtean bi aldiz, apirilean eta irailean.
Zerbitzu honen bidez, mota guztietako hondakinak jasotzen dituzte Zarauzko naturagunetik. Besteak beste, plastikoak, burdinak, gurpilak, bizikletak edota bestelako objektu handiak biltzen dituzte.
Inaxio Illarramendi udaleko zinegotziaren hitzetan, "tamalgarria da oraindik ere hainbeste zabor aurkitzea gure erreka eta hezeguneetan. Gune hauek balio ekologiko handiko espazioak dira: bioaniztasun aberatsa gordetzen dute, naturarekin harremana eskaintzen dute eta, gainera, funtzio garrantzitsua betetzen dute uraren zikloan eta uholde garaian".
Hain justu, udalak gogoratu die herritarrei espazio naturalak "errespetatu" egin behar direla. Ildo horretatik, hondakinak "behar bezala" kudeatzeko eskatu du erakundeak.