Maila handiko lehia espero dute Zarauzko Bi Harri Txapelketan

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 23a

Ezkerretik hasita, Lierni Osa, Mikel Lopetegi 'Urra', Iñigo Eizagirre ‘Eiza’, Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia, Joxe Ramon Iruretagoiena ‘Izeta II’.a eta Maddi Gesalaga, txapelketaren aurkezpenean. (Julene Sorarrain)

Larunbatean jokatuko dituzte VI. Emakumezkoen eta X. Gizonezkoen Zarauzko Bi Harri Txapelketak, Aritzbatalde kiroldegian. Seina emakume eta gizon ariko dira nor baino nor, eta Jai Txiki eta Mollarri harri baldarrak jaso beharko dituzte txandaka, zazpi minutuko denbora tartean.

Zarautz Kirol Elkarteko Herri Kirolak sailak antolatuta, Zarauzko Bi Harri Txapelketa jokatuko dute larunbatean, Aritzbatalde kiroldegiko frontoian. Aurtengoan ere, seina emakume eta gizon ikusi ahalko dira harri baldarrekin lehian. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da kirol ikuskizuna, eta sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dira, 10 euroan. 16 urtez azpikoek eta ZKEko bazkideek, aldiz, doan sartzeko aukera izango dute.

Hala, parte hartzaileek Jai Txiki eta Mollarri harri baldarrak jaso beharko dituzte txandaka, zazpi minutuko denbora tartean. Emakumeen kategorian, Jai Txiki harriak 68 kilo izango ditu, eta Mollarrik, aldiz, 63 kilo. Maila horretan, azken bi urteetako txapeldun Ainitze Zumeta, Lierni Osa eta Maddi Gesalaga zarauztarrek parte hartuko dute, baita Estefania Etxebestek, Eider Garcia Durana-k eta Ane Atxutegik ere.

Gizonezkoetan, bestetik, 117 kilo izango ditu Jai Txikik, eta 119, aldiz, Mollarrik. Kategoria horretan lehiatuko dira azken bost urteetako txapeldun Mikel Lopetegi Urra, Xabat Olaizola eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV. zarauztarrak, baita Gorka Etxeberria oriotarra, Beñat Telleria eta Jon Marijuan ere. Antolatzaileek aurreratu dutenez, larunbatekoa Izeta IV.aren azken txapelketa izan liteke, izan ere, zarauztarrak erretiroa hartzeko asmoa du. 

Gaur arte, emakumezkoen errekorra du Zumetak, iaz lortu zuen markari esker. Urte horretan, 35 jasoaldi egin zituen, hain justu. Gizonezkoetan, Urrak mantentzen du 2021ean lortutako errekorra, 31 jasoaldirekin. Hori horrela, larunbateko hitzorduan txapeldunak marka berria ezarriko balu, 300 euroko saria eskuratuko luke.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide