Lourdes Iriondoren literatura lana bildu du Alex Gurrutxagak bi liburutan

Mireia Galarza Bastida 2026ko apirilaren 23a

'Ipuinak' eta 'Antzezlanak' liburuen egileak asteartean, Donostian.

Lore Jainagarekin batera argitaratu ditu Gurrutxagak Ipuinak eta Antzezlanak liburuak. Ez da, ordea, bi idazleek argitaratzen duten lehen liburua Iriondoren inguruan. Izan ere, Gurrutxagak musikari donostiarrari buruzko Lourdes Iriondo, bide urratzaile ikerketa liburua kaleratu zuen Jainagarekin orain gutxi, 2023ko Aita Santi Onaindia beka eskuratu eta gero. 

Alex Gurrutxagak, Lorea Jainagarekin batera, Lourdes Iriondoren ipuinak eta antzezlanak berreskuratzen dituen Ipuinak eta Antzezlanak liburuak argitaratu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Aztarna argitaletxearekin elkarlanean. Bertan bildu dituzten ipuinak dira, besteak beste, Buruntza azpian (1975), Asto baten malura (1976) eta Hego haizearen ipuinak (1973). Antzezlanen artean, bada inoiz argitaratu gabeko obra bat ere: Fabrika berria

Asteartean egindako liburuen aurkezpenean izan ziren Goizane Alvarez Kultura diputatua eta Joxan Goikoetxea Aztarna argitaletxeko zuzendaria ere. Lehen horren hitzetan, Iriondoren lana berreskuratzea "ezinbestekoa da sortzailearen justizia kulturala lortzeko", baita gizartearen memoria kolektiboa "indartzeko" ere. "Euskal kultura askeagoa, sortzaileagoa eta haur eta gazteengandik hurbilagoa eraikitzen lagundu zuen emakume batez ari gara”, zioen Alvarezek.

Gurrutxagak eta Jainagak, bere aldetik, liburuaren xehetasunak azaldu zituzten. Haien esanetan, 70eko hamarkadan "bizi-bizirik zegoen frankismoa, eta sortu gabe, berriz, euskal literatura sistema modernoa". Egoera horretan,  Lourdes Iriondok, kantagintzan eta haur literaturan ekarpen "izugarria" egin zuen autoreen esanetan, "ondorengoentzat bidea urratuz". Gurrutxagak eta Jainagak gehitu zuten 1973 eta 1982 artean argitaratu zituela donostiarrak bere literatur lanak: ipuinak eta antzerkiak, haurrekin eta haurrentzat sortuak. "Lan haietan euskal tradizioa bildu eta gai berriak proposatu zituen, euskarazko Haur eta Gazte Literatura modernoaren oinarria jarriz. Zoritxarrez, Iriondoren lanak lortzea zaila da gaur egun, eta hein batean ahanzturan geratu dira. Edizio hau osatzen duten bi liburukiek egoera hori irauli nahi dute, idazle eta kantari handiaren obra literarioa irakurleen eskura jarrita", gehitu zuten autoreek.

Liburu hauen aurkezpena hainbat urtetako lanaren ostean iritsi da, eta ez da bi idazleek elkarrekin argitaratzen duten lehen liburua Iriondoren inguruan. Izan ere,  Gurrutxagak musikari donostiarrari buruzko Lourdes Iriondo, bide urratzaile ikerketa liburua kaleratu zuen Jainagarekin orain gutxi, 2023ko Aita Santi Onaindia beka eskuratu eta gero. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide