Arkamurka natura elkartean egunerokoan eragin zuzena duten gaiak argitzeko eta ikuspegi kritiko, hurbil eta ulerterraza eskaintzeko, hitzaldi berri bat antolatu du. Oraingo honetan, petrolioaren inguruko gatazkak, trantsizio energetikoaren itzalak eta gure kontsumo-ereduen ondorioak izango dituzte hizpide, eta Arkamurkako kide eta Biologian doktore Aitziber Sarobe Egiguren eta Ekhilur kooperatibako kide Alex Lopez izango dira hizlari gonbidatuak.
Saioa ostegun arratsaldean izango da, 19:00etatik aurrera, Modelo aretoan, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, ez da beharrezkoa gaian aditua izatea, ezta politikaz edo ekonomiaz jakin beharrik ere. Adibide argiak, gertukoak eta ulertzeko errazak emango dituzte. Oro har, egunerokotasunaz ariko direla zehaztu dute: erregaien garestitzeaz, argiaren fakturaren igoeraren arrazoiaz, milaka kilometroetara hartzen diren erabakiak nola eragiten duten eta abar.
Hitzaldiaren ondoren, solasaldia irekiko dute, eta galderak egiteko eta iritziak partekatzeko tartea izango da. Alde horretatik, herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi dituzte antolatzaileek.