Sentimendu txuri-urdina Zarauztik

Aritz Mutiozabal 2026ko apirilaren 18a

Adin guztietako realzaleentzako topagune bihurtu da Zelai Ondo auzoa, eta arratsaldetik hainbat jarduera antolatu dituzte. 21:00etatik aurrera, Espainiako Kopako finala ikusteko aukera izango da auzoko futboleko pistan atondu duten pantaila erraldoian.

Ordubete eskas geratzen da hitzordu handirako. Realak Atletico Madrilen aurka jokatuko du Espainiako Kopako finala, Sevillan, eta Zarautz eta zarauztarrak ere txuri-urdinez jantzi dira soinez zein bihotzez. Kalera ateratzea besterik ez dago realzaleen grina bistaratzeko nonahi, baina topagunea Zelai Ondo auzoan dago. 

Arratsaldetik festa giroan murgiltzeko jarduerak izan dira auzoko futbol pistan eta bolatoki inguruan, hala nola haurrentzako  puzgarriak eta aurpegia margotzeko aukera, DJ saioa, txaranga eta argazkien gunea. Zelai Ondoko jai batzordeak, bere aldetik, txosna jarri du, eta zozketa bat ere jarri du abian, non Unai Marreroren elastikoa eta Realeko bufanda bat dituen sari gisa.

Une hauetan jendetza dabil inguruan, eta asko giroan erabat sartuta daude: esaterako, Salbideko lagunek pedal bidezko auto apain batekin agertu dira pozik eta alai, eta beste kuadrilla bat pistaren ertz batean kokatu da urdaiazpiko oso batekin eta xerrak moztu eta moztu ari dira. Arratsaldean zehar, gainera, DJak eta bere laguntzaileek biserak, giltzariak eta animatzeko puzgarriak banatu dituzte.

Pantaila erraldoia ere piztuta dago eta aurki ikusi ahal izango da Realak Cartujako futbol zelaian jokatuko duen finala. Hori 21:00etatik aurrera izango da. Ziur giro paregabea sortuko dela eta zarauztarren animoak Sevillararaino iritsiko direla.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide