Duela 32 urte ireki zituzten museoko zuzendaria Martxel Altuna azpeitiarra. Ia-ia azkenengo momentuan iritsi zitzaion bertako zuzendari izateko proposamena, eta baiezkoa emanda, oraindik ere lehen eguneko helburu bera lortzeko lanean jarraitzen du: argazkilaritza eta irudiaren mundua herritarrengana gerturatzea.
1993ko uztailaren 16an zabaldu zuten museoa, gaur egun dagoen leku berean, Villa Manuela eraikinean. Ramon Serrasen eta Leopoldo Zugazaren ideia izan zen museoa sortzea, eta Altunak azaldutakoaren arabera, "nahita" aukeratu zuten Zarautz kokalekutzat: "Bien ohiko bizilekua zen Zarautz, eta horretaz gain, kultur zerbitzuak des- zentralizatzea eta herrietan kultur jarduerak sortzea zuten helburu".
Gaur egungoarekin alderatuta, bestelako itxura zuen orduko Photomuseumek. Eraikin bereko hirugarren, laugarren eta bosgarren solairuetan zegoen museoa, eta beste eragile batzuekin elkarbanatzen zuten eraikina. Garai hartako egoera ere ez zen nahiko zuketena bezalakoa: "Itukinak eta zeuden, eta ondorioz, ireki eta hamar urtera, 2003an, eraikina eraberritu egin zuen Zarauzko Udalak". Harrezkero, eraikin osoa erabiltzen dute Photomuseumeko kideek beren zereginetarako.
Denek denetik
Zeregin horiek era askotakoak izaten direla azaldu du Altunak: "Lehen dena nik egiten nuen, langile bakarra nintzelako, baina gaur egun lau lagun aritzen gara Photomuseumen lanean, eta azkenean, denok denetik egiten badugu ere, bakoitzak bere egitekoak ditu". Gaineratu duenez, une oro aritzen dira erakusketetarako ideiei bueltaka, eta horiek "modu orekatuan" antolatzen saiatzen dira: "Ber- tako zein nazioarteko sortzaileen erakusketak jartzen ditugu, hainbat estilotakoak eta hainbat teknika erabiliz egindako lanak biltzen dituztenak. Batzuk guk aurkitzen ditugu, baina badira guregana jotzen duten sortzaileak ere". Argitalpenak ere ugari egin ditu museoak, eta beste erakundeekin "elkarlana sustatzen" ere saiatzen da.
Aurrera begira, Altunak adierazi du orain arteko helburuak izaten jarraituko dutela. "Ikerketa, hez- kuntza eta gozamena xede duten argazkigintzaren adierazgarriak eskuratzen, zaintzen, ikertzen, zabaltzen eta aurkezten segiko dugu".