Herriko orkideak ezagutzeko helburuz, irteera antolatu du urtero bezala Arkamurka natura taldeak eta Gerriko Berde-Urdinak. Larunbatean, hilak 18, egingo dute txangoa, 09:00etan hasita, eta Agueseko biribilgunetik abiatuta herriko hainbat txoko bisitatuko dituzte parte hartzaileek.
Antolatzaileek azaldu dutenez, orkidea basatiak herriko belardietan aurki daitezke urtero, eta larunbateko txangoaren bitartez "eboluzio handiko" landare horiek bertatik bertara ikusteko aukera izango dute herritarrek. "Beraien bitxikeriak, egokitzapenak eta edertasuna gertutik ikusteaz gain", inguruko biodibertsitatea hobeto ezagutzeko aukera eskainiko du hitzorduak.