Hotzaren eta euriaren gainetik, ondo pasatzeko gogoa gailendu da VI. Play-Eruetan

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 12a

Atzo arratsaldean hondartza futbolean aritu ziren Zarauzko eta inguruetako DBHko dozenaka neska-mutil, eguraldi txarrari aurpegi ona jarrita. Blai amaitu zuten denek eta, barrena berotzeko, gogotik hartu zuten antolatzaileek eskainitako txokolate beroa. 

Bustitik joan da aurtengoan Play-Eruak hondartza futbol txapelketa. Atzo 16:30ean hasi ziren partidak hondartzan, eta etenik gabe bota zuen euria. Hasieratik blai eginda amaitu zuten partaideek. DBHko 58 taldek emana zuten izena, eta ohi bezala, zarauztarrak ez ezik, inguruko herrietako gaztetxoak ere ibili ziren futbolean: aiarrak, oriotarrak, zumaiarrak eta usurbildarrak, besteak beste.

Gehienek umorez hartu zuten eguraldi makurra, eta gogotik hartu zuten antolatzaileek prestatutako txokolate beroa, barrena berotzeko. 

Lehiakortasuna alboratuta, lagunarteko giroa sortzea da txapelketaren helburu nagusia, eta horregatik, atzokoan ere denak denen aurka aritu ziren jokoan, eta ez zen sailkapenik eta garailerik egon. Sariak, berriz, txapelketan zehar zozkatzen aritu ziren antolatzaileak. Ohi bezala, Arraio irratiko kideak aritu ziren giroa alaitzen eta sariak partitzen. 

Aurreko edizioetan bezala, jokalari bakoitzak olio botila, dilista paketea, edota sardina edo atun lata eraman behar izan zuen jokatu ahal izateko, eta bildutako guztia Zarauzko Elikagai Bankuari emango diote orain. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide