'Errio' dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia antolatu du Zarautzonek hilaren 21erako

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 13a

'Errio' dokumentaleko fotograma bat.

Zientzia elkarteak euskal itsas historia ulertzeko jarduera prestatu du apirilaren 21erako. Horretarako, solasaldia egingo dute Ibon Gaztañazpi dokumentalaren sortzailearekin, baita Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendari eta Xabier Agote Albaolako presidentearekin ere. 

Oporraldia jada amaituta, Zarautzon zientzia elkartea proposamen berriekin itzuli da. Hain justu, euskal itsas historia ulertzeko "ezinbesteko" hitzordu bat antolatu du hilabete honetarako. Horretarako, Ibon Gaztañazpi oriotarrak zuzendutako Oria ibaiaren inguruko dokumentala proiektatuko dute apirilaren 21ean, asteartearekin, 19:00etan Modelo aretoan.

Errio Orioko Udalak ekoitzitako ikus-entzunezkoa da, eta Nagore Urdapilleta arraunlariaren gidaritzapean, Oria ibaian gora itsasotik Mapilera (Aginaga), ibaiaren bazterretan gordetzen diren altxorrak argitara ateratzen ditu. Hori ez ezik, Altxerriko leizeak, balearen ehiza, baserri bizitza eta itsasontzigintza bezalako gaiak ere jorratzen ditu.

Ekitaldiak hurrengo galdera mahaigaineratzen du: "Nola izan zuen Oria ibaiak, XVI. mendeaz geroztik, Sena edo Rin bezalako Europako ibai handiekin lehiatzeko gaitasuna berrikuntzan, eraikuntzan edo merkataritzan?".

Proiekzioaren ondoren, mugarri horretan sakonduko dute Gaztañazpi dokumentalaren zuzendariarekin eta beste bi gonbidaturekin batera: Xabier Alberdi historialaria eta Euskal Itsas Museoko zuzendaria, eta Xabier Agote Albaolako sortzaile eta presidentea, hain justu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide