Protesta zaratasua, inperialismoa eta gerrak salatzeko

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 11

Zarautz-Palestina herri ekimenak deituta, kazerolada egin dute gaur eguerdian hamarnaka herritarrek Lege Zaharren enparantzan. Antolatzaileek azaldu dutenez, protestekin jarraituko dute egoera aldatu arte, eta kultur ekitaldi bat prestatzen ari direla jakinarazi dute. 

Zarautz-Palestina herri ekimenak bi urte inguru daramatza hilero kalera irten eta "benetako bakea" aldarrikatzen Palestinarentzat, eta gaurkoan, protesta zaratatsua egin dute 11:30ean Lege Zaharren enparantzan. Israel Gazan eta Ameriketako Estatu Batuak Ekialde Ertainean egiten ari diren "sarraskiak irmoki salatzea" zen helburua.

Antolatzaileen esanetan, "kriminalek, Trumpek eta Netanyahuk, beldurrezko agertoki globala osatzen dute munduan. Palestinatik hasi eta Latinoamerikaraino, Ekialde Ertainetik eta Afrikatik igaroz, indarkeriaren erabilerak, biztanleria zibila bonbardatuz eta azpiegiturak suntsituz, blokeo ekonomikoak, zuzeneko injerentzia eta izu egoera globala eratzen dute". Hori salatzeko elkartu dira, eta esan dute protestekin jarraituko dutela egoera aldatu bitartean.

Kultur ekitaldi bat aurrerago

Bestalde, Zarautz-Palestina kultur ekitaldi bat prestatzen ari dela jakinarazi diote hedabide honi, oraindik xehetasunik eman ezin duten arren, eta gogorarazi dute Palestinaren aldeko materiala salgai dagoela Ispilu Arte galerian. Egunero egoten da zabalik hori, 18:00etatik aurrera. "Materiala salduta lortzen dugun dirua Palestinara bideratzen dugu, baina hemendik aurrera ikusiko dugu, beharra beste toki batzuetara ere zabaltzen ari baita", esan dute antolatzaileek. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide