Zarautzen kirolak dituen erronkei "elkarlanean aurre egiteko" Kirol Mahaia osatzea proposatu du EH Bilduk

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 11

Uume bat, bizkarrez, futbolean jolasten.

Zarauzko kirol politikak "behar duen ikuspegi eta kudeaketa integrala eta parte hartzailea" martxan jartzeko helburuarekin, EH Bilduk Kirol Mahaia sortzeko proposamena helarazi dio PSE-EEko Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziari.

Zarautzen kirol jarduera zabala eta anitza dagoen arren, "erronka nabarmenak" ere badituela azpimarratu du EH Bilduk. Besteak beste, "azpiegituren saturazioa, kluben aniztasunaren kudeaketa, eskola kirolaren eguneratzea, partaidetza aisialdiko kirolaren hazkundea eta eskaintza berrien premia" zerrendatu dituzte adibide gisa. Erronka horiek "modu isolatuan edo presaka" kudeatu ezin direla argudiatu du alderdiak, eta egoera horren aurrean, "ikuspegi estrategiko eta partekatu bat" behar dela aldarrikatu du.

Behar horretatik sortu da, hain justu, EH Bilduk azken hilabeteetan elkarlanean landutako proposamena, hau da, alderdi politikoak, kirol elkarteak, ikastetxeak, guraso elkarteak, erabiltzaileak eta adituak espazio egituratu berean biltzeko "foro iraunkorra" sortzea. "Mahai horrek aukera emango luke herritarren beharrak modu sistematikoan jasotzeko, informazioa kontrastatzeko eta Zarauzko kirolaren diagnosi orokor eta partekatua osatzeko", azaldu du udal taldeak. Diagnosi horrek, gainera, "etorkizuneko inbertsioen norabidea markatuko lukeela" esan dute, eta udalaren "kirol politikaren oinarri" ere izango litzateke.

EH Bilduk nabarmendu du kirola ez dela "soilik lehiaketa edo aisialdia", baizik eta "osasuna, hezkuntza, euskara, berdintasuna eta komunitatea uztartzen dituen zutabe estrategikoa" dela. Hortaz, herriko kirolak "kudeaketa serioa, datuetan oinarritua eta eragile guztien parte hartzearekin eraikia" izan behar duela aldarrikatu du. Halaber, kirol politika publikoak "behetik gora" eraiki behar direla nabarmendu du, betiere "herritarren beharrak eta balio hezitzaileak" erdigunean jarrita, hau da, "errespetua, hizkuntza, aniztasuna, berdintasuna, irisgarritasuna eta komunitatea".

Hortaz, alderdiak proposatutako Kirol Mahaiak "gobernantza parte hartzailea" izango luke ardatz, eta aldi berean, "erabakigune" izan beharko luke. "Bertan lan talde espezifikoak sortuko lirateke eskola kirola, kirol federatua eta partaidetza aisialdiko kirola lantzeko", gehitu du taldeak.

Proposamenak PSE-EEko Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziaren aldetik "harrera ona" izan duela ere kontatu dute, eta EH Bilduren ustez, horrek aukera irekitzen du "Zarauzko kirolaren erronkei modu serio eta koordinatuan heltzeko", hain zuzen ere. "Zarauzko kirolaren etorkizuna ezin da gehiago atzeratu. Herritarrek argi erakutsi dute kirolak duen garrantzia, eta guk bide bat jarri dugu mahai gainean: ikuspegi integrala, parte-hartzailea eta datuetan oinarritua", adierazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide