11 gastronomia ezberdin ezagutzeko aukera, Bertakoak egitasmoaren eskutik

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 9a

Bertakoak egitasmoaren aurkezpen ekitaldia, gaur arratsaldean Itsasmendi elkartean. (Julene Sorarrain)

Apirilaren 25ean egingo dute kulturartekotasuna uztartzen duen bazkaria, eta izen ematea hilaren 22ra bitartean egin beharko da. Besteak beste, Afganistango, Paraguaiko edota Ukraniako gastronomia probatzeko aukera izango dute herritarrek.

Dagoeneko 11 urte igaro dira Bertakoak egitasmo gastronomikoaren lehen edizioa ospatu zutenetik. Udalak, herriko elkarteekin elkarlanean antolatzen du urteroko hitzordua, eta gastronomia aitzakitzat hartuta, beste herrialdeetako bizilagunekin harremanak sendotzeko balio du. Aurten, 11. urteurrena ospatzeko, Zarauzko 11 elkarte batu dira ekimenera. 

Gaur arratsaldean eman dituzten aurtengo edizioaren xehetasun guztiak Itsasmendi elkartean. Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotzia pozik azaldu da agerraldian, izan ere, herriko elkarteen erdiak baino gehiagok eman dute izena. "Gastronomiatik harago doan egitasmoa da honakoa. Izan ere, Zarautz betidanik izan da herri ireki bat, eta zarauztar iritsi berriei beti eman zaie harrera beroa", esan du zinegotziak.

Apirilaren 25ean, larunbatarekin, egingo dute kulturaniztasunaren bazkaria, eta herritarrek gastronomia ezberdin bezain bereziak probatzeko aukera izango dute. Modu honetara banatuko dira elkarteak: Alkartasunak herrialde zeltikoak hartuko ditu; Arranok Afganistan; Batzokiak Bolivia; Ezkertokik Honduras; F. Zurbaranek Paraguai; Galeperrak Senegal; Itxasmendik Guatemala; Iñurritzak Palestina; Kurpilek Nicaragua; Ongi Etorrik Kolonbia; eta azkenik, Sociedad Carballeirak Ukrania.  

Egitasmoaren helburua kultura eta ohitura ezberdinak ezagutzea dela gogorarazi du Aranak, eta "integrazioaren bidean, denon artean egiten dugun herria bultzatzea du asmoa". Halaber, Bertakoak egitasmoa bezalako esperientzien bidez, "elkar ezagutu, eta ezagutza horretatik, elkarbizitza landu" daitekeela azpimarratu du zinegotziak. 

Izen ematea, jada zabalik

Egitasmoko bazkariak 10,50 euro balio du, eta izena emateko azken eguna apirilaren 22a izango da. Horretarako, interesdunek Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo dezakete (Zigordia kalea, 33), baita 943-00 51 27 zenbakira deitu edota immigrazioa@zarautz.eus helbidera idatzi ere. Hogei lagun inguru onartuko dituzte elkarte bakoitzean, sukaldariak eta elkarteko kideak salbu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide