Zarauzko arboladiaren ibilbidea aurreko legegintzaldietan hasi zuen Patxi Elola Lorazaintza zinegotzi ohiak, herriko lorategietako ohiko espezieak landatzeko ingurune naturala sortzeko ideiarekin. Orain, Inaxio Illarramendi Ingurumen zinegotziak hartu du lekukoa, eta arboladia "hobetzen eta handitzen" jarraitzen du, "udalerriko biodibertsitatea ezagutarazteko" ideiari eusten.
Duela gutxi 50 ale berri landatu zituzten Itulazabalgo arboladian, hain justu. Birjarpenak eta espezie berriak dira horiek, eta etorkizunean udalerri osoan "aniztasun handiena izango duen basoan" haziko dira.
Arboladia Zarautz inguratzen duen Eraztun Berde Urdinaren barruan dago kokatuta. Korridore ekologikoa da, bertan dauden "nitxo ekologikoen aniztasunagatik" nabarmentzen dena, hain zuzen. Arboladia, halaber, eraztunean integratutako baso bat da, espezie guztiak ezagutarazteko, baita herri eta hirietara iritsi berriak ere. Klima aldaketaren aurrean eta aurre egin beharreko izurri eta gaixotasun berrien aurrean hobeto prestatuta dauden espezieak dira.