Astebururako musika eskaintza zabala Hiruputzun

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 10a

Montaña taldeko kideak. (utzitakoa)

Zarata Zarautzek antolatuta, Montaña eta Tower of One taldeek girotuko dute gaztetxea gaur iluntzean. Larunbatean, aldiz, Rrucculla, Kulata eta Juan TaTorri igoko dira oholtzara, Lege Berria kolektiboaren eskutik.

Iritsi da ostirala eta dantzarako gogoa dutenek derrigorrezko geldialdia izango dute Hiruputzun. Asteburuari ongi etorria emateko, kontzertu bana eskainiko dute gaur iluntzean gaztetxean, Zarata Zarautzek antolatuta.

Alde batetik, Montaña talde sevillarraren postpunk doinuak entzuteko aukera izango dute gerturatzen direnek. Bestetik, Tower of One taldea etorriko da Ameriketako Estatu Batuetatik, hardcorepunk emanaldia ematera. Iluntzeko 21:30ean hasiko dira kontzertuak.

Bihar, larunbatarekin, Lege Berria kolektiboaren txanda izango da gaztetxea girotzeko. Horretarako, hiru artista gonbidatu dituzte festa giroa jartzera: Rrucculla, Kulata eta Juan TaTorri, hain zuzen.

Rruccullaren saioak emango dio hasiera gauari. Bilbotik dator, eta diziplina anitzeko artista hau musika elektronikoaren ekoizle abangoardista, konpositorea, soinu-diseinatzailea eta artista bisuala da. Kulata taldea, bestetik, Alba, Oihana eta Laidak osatzen dute, eta hirukoteak ahotsak, perkusioa, biolina, gitarra eta baxua jorratzen ditu. Ondoren, Juan TaTorri oiartzuarrak post club, ball, noise eta dark disco doinuekin alaituko du bere saioa. Azkenik, festari amaiera emateko, Etxekoi Djs-en saioa izango da 06:00ak arte.

Kontzertuak 22:00etan hasiko dira, eta sarrerak gaztetxean bertan eskuratu ahalko dira, 6 euroan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide