Gorka Artetxe argazkilari hendaiarrak erakusketa berria jarri du ikusgai gaur Euskalduna tabernako hormetan. Basho izena du Artetxeren arkitekturako argazki sortak, eta hain zuzen ere, X. Ramon Serras Argazki Lehiaketako bigarren saria eskuratu zuen mostra horren bitartez.
Formak, lerroak eta argia dira irudietan nagusitzen diren elementuak. Irudi horiek, ordea, ez dute eraikinak azaltzea bilatzen, "inguruan aurki daitekeen bizitza, sortzen diren konposizioak eta xehetasunak" erakustea baizik. Hain justu, "begirada geldo batetik", egunerokoa beste modu batean ikusteko gonbita egiten du Artetxek.
Hala, erakusketa bisitatzeko aukera egongo da maiatzaren 30era bitartean, tabernaren ordutegiaren barruan (08:00etatik 23:30era).