Zabaldu dute Bi ilunabarren eguna erakusketa ibiltaria, Amalur parkean. Abuztuaren 12an ikusi ahal izango den eguzki-eklipsearen bueltan ondu du erakusketa Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, Jakindari kultura zientifikoaren aldeko aliantzaren laguntzarekin. Erakusketak fenomeno astronomiko horiek "sakonago" ezagutzeko aukera ematea du xede, besteak beste.
Gaur goizean egin dute inaugurazioa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko sailburu Juan Ignacio Perezen eta Aranzadi zientzia elkarteko astronomia taldeko Virginia Garciaren eskutik. Jakindariren parte da Zarautzon elkartea, eta bertako ordezkariak ere izan dira hitzorduan; esaterako, Anabel Juaristi presidentea eta Juanan Urdangarin. Bertan izan dira, baita ere, Zarauzko Udaleko zinegotzi Jesus Arana, Itziar Murua, Irune Urbieta eta Garazi Olaizola.
Lau blokek osatzen dute erakusketa, eta horiek ilustrazio zientifikoz zein idatzizko testuez beteta daude. Informazioa "modu didaktikoan, eskuragarrian eta erakargarrian" jarri nahi izan dute, "publiko zabal batera heltzeko asmoz". Panel horietan, esaterako, ondorengoa irakur daiteke: datozen urteetako eklipseak noiz izango diren, eklipse motak, fenomeno horiek nola gertatzen diren, eklipseak modu seguruan erreparatzeko gomendioak...
Erakusketa ibiltaria
Erakusketa ibiltaria da, eta epe laburrekoa; hau da, Zarautzen hilaren 10era arte bisitatu ahal izango da. Ondoren, Beasainen, Zallan, Donostian, Bergaran, Durangaldean, Bilbon, Barakaldon, Gasteizen, Añanan, Gubean, Bastidan, Lapuebla de Labarcan eta Guardian jarriko dute.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako ekimen honek Jakindari aliantzako 20 erakunde baino gehiagoren lankidetza du –tartean, Zarauzko Zarautzon–. Horiei esker, gaiari lotutako jarduera gehiago ere antolatu ahal izan dizuzte; hala nola dibulgazio hitzaldiak, tailerrak, bisita gidatuak, behaketa astronomikoak eta ipuin kontalari saioak. Horiei buruzko informazio guztia ondorengo loturan aurki daiteke.
Jakindari
2025ean Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sortua, Jakindari Euskal Autonomia Erkidegoko kultura zientifikoaren aldeko erakundeen aliantza da, eta 70 kide baino gehiago ditu. Helburu nagusia da erakundeen arteko ahaleginak batzea, ezagutza zientifikoa lurralde osora zabaltzeko, jarduera bateratuak sustatuz eta jardunbide egokiak partekatuz.
2026ko dibulgazio programan, Jakindariko hogei erakundek parte hartu dute: Aranzadi zientzia elkarteak, DIPCk, Zarautzonek, Lemniskata Goierriko Zientzia Sare Herrikoiak, Betelgeuse Enkarterrietako Astronomia Elkarteak, Tabakalerak, EHUk, Kutxa Fundazioak, Polymatek, Laboratorium Zientzia Museoak, Bixenta Mogel liburutegiak, Izarra Astronomia Elkarteak, Norartek, Abadiñoko Udalak, Logos Elkarteak, Astrobizkaiak, Barakaldoko Udalak, Arabako Natura Zientzien Museoak, CEA-Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Arabako Astronomia Elkarteak.
Halaber, erakusketa Arabako beste txoko batzuetara heltzeko lan egin dute Gasteizko Udaleko Herritartasun Eskolak, Añanako Gatz Haranaren Fundazioak, Lapuebla de Labarca eta Guardiako udalek eta Gaubeako turismo bulegoak.