Juan Luis Zufiria: "Arintasuna eta sakontasuna irudikatu nahi izan ditut, aldi berean"

Intza Trula 2026ko apirilaren 2a

Juan Luis Zufiria, 'Argiak eta ilunak' erakusketaren aurrean. (Intza Trula)

Argazki Bileraren barruan, Argiak eta ilunak erakusketa zabaldu du zarauztarrak Torre Luzean. Hiru seriek osatzen dute bilduma, eta minimalismoa da argazkien ezaugarri nagusietako bat. 

"Minimalista" bezala definitzen du bere estiloa Juan Luis Zufiria argazkilariak (Zarautz, 1957). Photomuseumen Argazki Bilera egitasmoaren barruan, Argiak eta ilunak erakusketa zabaldu du Torre Luzean, eta maiatzaren 24ra arte egongo da zabalik. Zuria eta beltza, argia eta itzala, kaleak eta natura: horiek dira bilduma osatzen duten piezen ezaugarri nagusiak.

Argiak eta ilunak izeneko erakusketa zabaldu duzu Torre Luzean. Zer dira argiak eta ilunak erakusketa honetan?

Argazki minimalistak egiten hasi nintzen, baina estilo horretan soilik harrapatuta geratu gabe. Koloreak erabat alde batera utzi ditut, eta txuri-beltza da erabateko protagonista irudietan. Zuria eta beltza, argia eta itzala. Argi ilunak eta argi argiak daude.

Hamar urtetako lana bildu duzu erakusketan. Aurreikusitakoa edo apurka-apurka eraikitzen joan zaren zerbait izan da proiektua?

Estiloa aurkitu nuen unean jabetu nintzen argazki hauek bilduma bat osa zezaketela, eta bide horretatik jarraitzea erabaki nuen. 

Eta, argazkiak, aurretiaz pentsatutakoak dira ala bat-batean ateratakoak dituzu nahiago?

Aurrez pentsatutakoak dira; izan ere, argia behar dute irudiek, eta itzalak sortzeko argi hori nondik eta zenbat sartu behar den ere jakin behar dut.

Zuri-beltzean atera dituzu argazki guztiak. Zergatik hautu hau?

Nire barruan klik moduko bat egin zuen estilo honek, asko gustatzen zait. Kontraste handiak eta abstrakzioa islatzen laguntzen dit.

Zein sentsazio helarazi nahi izan duzu estilo honekin?

Niri gauza asko transmititzen dizkit pieza bakoitzak, baina norberak bere erara interpretatzen ditu. Hala eta guztiz ere, minimalismoaren bitartez, arintasuna eta sakontasuna uztartu nahi izan ditut, eta edertasuna ere helarazi nahi izan dut.

Zer nolako lekua du edizioak argazki hauetan?

Kamerarekin bilatzen dut argiaren eta itzalaren efektu hori, baina, ondoren, ordenagailuarekin, horiek nabarmentzen saiatzen naiz. Argi asko-asko sartuta, irudi lauso bat sortzea da helburua, eta itzal ilun-ilunekin kontrastea bilatzen dut.

Tangerren, Andian eta Aralarren atera dituzu erakusketa honetan dauden argazkiak. Zer dira leku horiek zuretzat?

Askotan izan naiz Marokon, eta garbi nuen serie bat bertan egin behar nuela. Andiara eta Aralarrera ere sarritan joaten naiz. Basoa magikoa da, eta argazki ikusgarriak ateratzeko aukera ematen du.

Hamar urtetako lana da Torre Luzeako hormetan jarri duzuna. Ba al da gainerakoak baino lan gehiago eman dizun argazkirik?

Oro har, argazki zehatzagoak direnak zailagoak izan dira. Kontrastea bilatzea, dena fokuan egotea... zailagoa egin zitzaidan hasieran; ordea, gero ohartu nintzen fokutik kanpo zeuden irudiak ere oso ederrak iruditzen zaizkidala, ez dut akats bezala ikusten.

Norberaren herrian bertan erakusketa bat zabaltzeak gauzak errazten ditu ala zaildu?

Errespetu handia ematen du, konpromiso bat da. Inauguratu aurreko hilabeteak kezkatuta igaro ditut, buruari etengabe bueltaka, dena ondo ateratzea nahi nuelako. Hala ere, erakusketa jarrita ikusi nuenean, lasaitu egin nintzen. Harrotasuna ere sentitzen dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide