Bisita gidatuak egingo ditu EBUk Aste Santuan

Intza Trula 2026ko martxoaren 31

Iñurritza biotopoa. (Zarauzko Udala)

Hezeguneetara, eta Arkamurka eta Iñurritza ibilbideetara irteerak egingo ditu Eraztun Berde Urdinak, apirilaren 2an, 3an eta 4an. Parte hartzeko izena eman behar da aurretik, plazak mugatuak baitira.

Eraztun Berde Urdinak eskaintza zabala prestatu du Aste Santurako. Herritarrentzako bisita gidatuak antolatu ditu: hezeguneetara, eta Iñurritza eta Arkamurka ibilbideetara izango dira aipatu irteerak. Egunei dagokienez, apirilaren 2an, 3an eta 4an izango dira.

Hori horrela, apirilaren 2an hezeguneetara bisita egingo dute, suhiltzaileen biribilguneko autobus geltokitik abiatuta. Hurrengo egunean, apirilaren 3an, Arkamurka ibilbidea osatuko dute, Vista Alegre auzora igotzeko igogailuaren ondotik hasita. Apirilaren 4an, berriz, Iñurritzako ibilbidea egingo dute, eta Borghettoko pasealekuan geratuko dira horretarako. Irteera guztiak 10:00etan abiatuko dituzte.

Hitzordu horien helburua da EBUn dauden ekosistema desberdinak ezagutzera ematea, eta herritarrak horien ingurumen-balioaren inguruan sentsibilizatzea. Irteerak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dituzte, eta horretarako bi talde antolatuko dituzte irteeran bertan. Irteerek izaera parte hartzailea dute; hau da, bisitariek, azalpenak entzuteaz gain, zenbait esperimentu egiteko aukera izango dute, familientzat ere egokiak direnak.

Izen ematea

Taldeak mugatuak izango dira, eta, beraz, parte hartu nahi duen orok izena eman beharko du aurretik. Inskripzioa Zarauzko Turismo Bulegora joanda egin daiteke, baita 943 83 09 90 telefono zenbakira deituta edota zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera idatzita ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide