Udaberriari hasiera emanda, Photomuseum prest dago 2026ko Argazki Bilerari ekiteko: bihar abiatuko du egitasmoa, hain justu ere. Orotara, lau erakusketa ikusteko aukera izango da aurtengo edizioan, eta horiek Photomuseumen, Sanz Enean eta Torre Luzean egongo dira, ekainera bitartean.
Bihartik hasi eta maiatzaren 3ra arte, Eraztun berdea. Ikusmira ezberdinen elkargunea izeneko mostra zabalduko dute Photomuseumen. Kolaborazio proiektu bat da, taldean osatua. David Salcedo argazkilariak zuzendu zuen narratiba bisualari buruzko tailer batean oinarrituta dago.
Halaber, maiatzaren 24ra bitartean, Muittu. Euskal Animazioa 1980-2004 izeneko erakusketa bisitatu ahal izango da Sanz Enean. Egun horretara arte, baita ere, Juan Luis Zufiria zarauztarraren Argiak eta ilunak argazki-proiektua egongo da Torre Luzean.
Azken erakusketa maiatzaren 5etik ekainaren 7ra egongo da zabalik: Atzemandako materiatik eraikitako irudira. Sonia Murugarrenen lan pertsonal eta artistikoa da.