Sagardoz blaitutako omenaldia

Aritz Mutiozabal 2026ko martxoaren 29a

Giro ederra izan da nagusi gaur eguerdian Sagardo Egunean. Euskalduna tabernako Felix Borda eta Marian Dulanto senar-emazteak aitortza beroa jaso dute, egitasmoaren hasierako ekitaldian.

Sagardoaz gozatzeko aitzakia perfektua ekarri du gaur eguerdian Zurekin Zarauzko ostalarien elkarteak Lege Zaharren Enparantzara. Beste urte batez, Sagardo Eguna antolatu du, eta jai giroan, zortzi upategitako zukua dastatzeko eta Euskal Parrillak txuleta pintxoak jateko aukera eskaini die herritarrei.

Egitasmoari 12:00etan eman diote hasiera, eta ordu laurden geroago, ekitaldi nagusia egin dute antolatzaileek. Zurekin elkarteko ordezkariak eta Xabier Txurruka alkatea presente zirela, 25 urtez Euskaduna taberna kudeatu duten Felix Borda eta Marian Dulanto omendu dituzte. Bordari txapela jantzi diote eta Dulantori zapia, eta lore sorta bat eta Zarauzko toldoen oroigarri bat ere eman dizkiete.

Jarraian, Jon Alkain dantzariak Aurreskua egin die, Goizeko Ihintza txistulariek lagunduta, eta Motxian-Etxebeltzeko Amets Aizpuruak eta Urko Arakistainek bertso bana bota dute. Bordak eta Dulantok esker hitzak izan dituzte jasotako errekonozimenduaren aurrean. Amaieran, guztiek topa egin dute elkarrekin, eta, nolabait ere, inaguguratuta geratu da aurtengo Sagardo Eguna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide