Abuztuko eklipsearen inguruko hainbat ekintza antolatu ditu Zarautz On elkarteak

Mireia Galarza Bastida 2026ko martxoaren 29a

Virginia Garcia Aranzadiko kidea. (Aranzadi)

Alde batetik, Virginia Garcia Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia saileko kideak eta adituak hitzaldia emango du Modelo aretoan. Bestalde, Ama Lur parkean erakusketa tematiko bat jarriko dute. 

Abuztuko eguzki eta ilargi eklipseak direla eta, hitzaldia eta erakusketa antolatu ditu Zarautz On elkarteak. Zarauzko Udalaren laguntzaz antolatu ditu ekintzak, "herritarrei unibertsoaren ikuskizun zirraragarrienetako bat hurbiltzeko asmoz". 

Alde batetik, Virginia Garcia Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia saileko kideak eta adituak hitzaldia emango du asteartean, 19:00etan hasita, Modelo aretoan. 2021etik Espainiako Astronomia Elkarteen Federazioko Zuzendaritza Batzordeko kide da Garcia, eta federazio horretako Astronomia Emakumeen Taldeko sustatzaile aktiboa ere bai. Hitzaldian, Virginiak fenomeno horien gakoak aztertuko ditu eta funtsezko xehetasunak emango ditu datorren abuztuan izango den eguzki-eklipse historikoari begira.

Bestalde, Ama Lur parkean erakusketa tematiko bat jarriko dute, Bi ilunabarren eguna izenburupean; bihar bertan zabalduko dute eta apirilaren 10era arte bisitatu ahal izango da, egun osoan. Erakusketa horrek fenomeno astronomiko horien izaera "sakonago" ezagutzeko aukera emango die bisitariei. Gainera, Arkamurka Natur Taldeak bat egingo du dibulgazio lan honekin, aste honetarako programatutako hainbat jardueraren bidez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide