San Juan baleontzia azaroan uretaratu ondotik, haren lexikoa eta ontzigintzako eta nabigazioko 241 kontzeptu bildu dituzte hiztegi batean. Albaola Itsas Kultur Faktoriaren, Euskal Itsas Museoaren eta UZEI zentroaren arteko elkarlanaren fruitua izan da. Xabier Alberdi (Zarautz, Gipuzkoa, 1969) Albaolako ikerketa departamentuko burua eta Euskal Itsas museoko zuzendari zientifikoa da. "Zubi lanak" egin ditu.
San Juan baleontziaren antzera, haren hiztegia ere urperatzear al zegoen?
Bai, hainbat hitz galtzeko zorian zeuden. Baina horri beste arazo bat gehitu zitzaion: dauden hitz guztiak hainbat hiztegitan banatuta zeuden. Orain arte ez zegoen euskal itsas hiztegi bateraturik. Hori izan da proiektuaren helburua. Hau, gainera, hastapena besterik ez da izan, hasierako pauso bat.
Noiz jabetu zineten hutsune bat zegoela?
Itsas historiarekin eta ontzigintzarekin lanean gabiltzanok aspalditik dugun gabezia bat da. Euskaraz idazteko garaian, beti topatzen ginen arazo berarekin: hitzak bildu gabe zeuden, bilduta zeudenak ere hala moduz, eta erabilera aldetik ere zuzen bildu gabeko kontzeptuak zeuden. Beti eragin digu horrek, eta egin behar genuen zerbait da.
241 hitz bildu dituzue. Guztiak San Juan baleontziaren ingurukoak dira?
Gehienak bai. Gai honekin hasi ginenean, esan genuen: nondik hasiko gara? Azken finean, itsasoaren mundua oso zabala da: itsasoa, itsasoaren egoera, nabigazioa, ontzigintza, arrantza, merkataritza... Hemen badaukagu azken urteetan gabezia oso nabarmena zuen eremu bat: ontzigintza.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria egunkarian.