Joseba Rotetak ez du jarraituko gizonezkoen futboleko entrenatzaile karguan

Aritz Mutiozabal 2026ko martxoaren 25a

Joseba Roteta entrenatzailea argibideak ematen jokalari bati. (Zarautz KE)

ZKEk eta prestatzaile oiartzuarrak euren bideak banatu dituzte, hiru denboraldi elkarrekin osatu ondoren. Klubak eskertu egin du Rotetak eginiko lana. Une honetan, jaitsiera postuetan kokatuta dago Zarautz.

Joseba Rotetak ZKE Futboleko gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaile izateari utzi dio. Klubak ohar bidez eman zuen atzo prestatzaile oiartzuarraren kargugabetzearen berri, taldeak azken boladan hartu duen dinamika txarraren ostean. Azken jardunaldian, esaterako, aurkari zuzena den Pasaiaren aurka 0-3 galdu zuen Zarautzek, Astin, eta une honetan azkenaurrena da Hirugarren Federazio Mailako sailkapenean, 17. postuan.

Roteta 2023an hartu zuen Zarauzko gidaritza, eta hiru denboraldiko ibilbidean gauza handiak lortu ditu taldearekin. Lehen urtean igoerako play-offaren igoeraren atarian geratu ziren; iaz, play-offera sailkatu ondoren, Hirugarren Federazio Maila igotzea lortu zuten; eta aurten, hasiera txukuna eta gogotik saiatu arren, taldea jaitsiera postuetan kokatu da.

ZKEk eskertu egin du entrenatzaile oiartzuarrak egindako lana eta nabamendu egin du etxeko jokalarien alde eginiko apustua; izan ere, hainbat izan dira urte hauetan lehen taldearekin debutatu duten jokalariak. Era berean, klubak azpimarratu du Rotetak "uneoro erakutsitako kompromisoa, ardura eta gertutasuna", eta zorterik onena opatu dio aurrerantzeko proiektuetan.

Bien bitartean, klubak ez du iragarri oraindik nork hartuko duen lehen taldearen gidaritza. Liga amaitzeko zazpi jardunaldi falta dira, eta asteburu honetan Ondarroako Aurrera taldearen aurka lehiatuko dira, bisitari moduan. Aurkari zaila izango dute, ezbairik gabe, zarauztarrek; bizkaitarrak laugarren postuan daude sailkapenean. Nolanahi ere, Zarautzek duen guztia emango dute garaipena lortu eta beheo postuetatik irteteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide