"Legatu oso polita utzi dugu"

Aritz Mutiozabal 2026ko martxoaren 25a

Euskalduna tabernaren jabe Felix Borda eta Marian Dulanto. (Utzitakoa)

Euskalduna tabernako Felix Borda eta Marian Dulanto omenduko dituzte igande eguerdian, Sagardo Egunean.

Aitortza hau Zurekin elkartearen aldetik jasotzen dugun eskertza da gure ostalari bizitzagatik, eta halako errekonozimenduak beti dira ongietorriak. Hain justu ere, duela urtebete hartu genuen erretiroa. Jada, guztia atzean utzi dugu, gorputzak ere bizkortu ditugu, eta omenaldi bat beti eskertzen da". Euskalduna tabernako Felix Borda eta Marian Dulanto senar-emazteak omenduko dituzte igande eguerdian Zarauzko Sagardo Egunean, Lege Zaharren Enparantzan. Berez, urtarrilaren 25ean egitekoak ziren ekitaldia, baina eguraldi txarra iragarrita zegoenez, bi hilabetez atzeratu dute data. "Ez dakit ba nik! Berriro ere eguraldi txakurra dago emanda, baina ahal duguna egingo dugu", aditzera eman du Bordak.

Euskalduna taberna herriko ostalaritza gune enblematikoenetariko bat da, bere izaera herrikoiagatik ez ezik, baita kultur eragile nabarmena izan delako ere hasiera-hasieratik. Izan ere, poltsikoko hainbat ekitaldi antolatu zituzten haren arduradunek bere sasoian, ostegun arratsetan, Kafe Torero egitasmoaren barruan; Patxi Santamaria, Martin eta Xabier Etxeberria anaiak eta beste hainbat izan zituzten inguruan, eta ehundik gora saio antolatu zituzten. Era berean, Ramon Serras argazkilariarekin elkarlanean, argazki nahiz margo erakusketak antolatzen hasi ziren tabernan. Hori guztia gutxi balitz, inauterietako kartel lehiaketa eta Serrasen omenezko argazki lehiaketa antolatzeari ere ekin zioten. Kultur arloan ez ezik, kirolean ere jarri du bere hondar alea Euskaldunak; adibidez, eskubaloian, eta egun emakumezkoen eta gizonekoen taldeak babesten ditu plaieroetan.

"Nik beti pentsatu izan dut taberna batek gauzak egiteko aukera ematen dizula. Adibidez, argazkilaritza betidanik izan dut gustuko, baita inauteriak ere, eta musikazalea naiz", nabarmendu du Bordak. Gainera, egitasmoak antolatzeko ekimena aurretik datorkiola azaldu du, Tarin taberna izan zuen garaitik; kontzertuak egiten zituzten 90eko hamarkadan. "Ni Errenteriakoa [Gipuzkoa] naiz, eta han bazen taberna bat halako gauzak egiten zituena. Ikaragarri gustatzen zitzaidanez, pixka bat kopiatu nion ideia".

Bordak uste du herritarrak gustura daudela Euskalduna tabernak 25 urteko ibilbidean egindako ekarpenarekin. Horren adibidea da duela urtebete langileek, langile ohiek, bezeroek eta lagunek Borda-Dulanto senar-emazteei egin zieten agurreko festa. "Oso polita izan zen, benetan hunkigarria". Besteak beste, Zarauzko erraldoiak eta Tolosako (Gipuzkoa) dultzaineroak agertu ziren lagunarteko omenaldira. Horrek badu bere azalpena: herriko jaiak diren bakoitzean, kalejirako ohiko geltokia izaten da Euskalduna, Bordak potea ateratzen baitzien doan trikitilari, dultzainero, erraldoi konpartsa eta abarri.

"Berrinbertitu behar da"

"Niretzat sekulakoa izan da Zarautzera etorri eta ostarilaritzan egin dudan bidea egin ahal izatea. Pozik eta borrokalari nago!". Zarautzi biziki eskertuta dagoela aditzera eman du Bordak: "Naizena naiz hemen nagoelako. Errenterian geratu izan banintz, ez nintzatekeen sekula ostalari izango. Baina Zarautzera etortzeko abagunea sortu zitzaidan, gustatu egin zitzaidan eta hemen geratu nintzen. Gainera, uste dut Zarauzko herriarentzat gauzak egiten eta antolatzen asmatu dudala. Beti esan dudan bezala, dirua baldin badago, berrinbertitu egin behar da herrian, eskubaloi edo futbol taldea babestuz".

Une honetan erretiroaz gozatzen ari direla aitortu du Bordak, orain arte egin ezin zituzten gauzak egiten: "Betidanik gustatu izan zaizkidan gauzak egiten ari naiz: txakurrarekin paseotxoak eman, gimnasia egitera joan, irakurri... Jakina, barraren atzeko kontuak faltan botatzen ditut, baina horiek dagoeneko bukatu dira. Legatu oso polita utzi dugula esango nuke. Tarinen ibiltzen ziren belaunaldiak oraindik oroitzen dira gutaz, eta, ondoren, Euskaldunako 25 urteek askorako eman dute. Beste jende mota bat ibili da eta beste istorio batzuk bizi izan ditugu. Oso pozik gaude, benetan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide