Zarautz Abesbatza Burlatan (Nafarroa) izango da larunbat honetan, hilaren 28an. Kontzertua emango du bertako San Blas elizan, 20:00etan hasita, eta kantu sakroz osatutako emanaldia izango da.
Besteak beste, Mozarten Lacrimosa, Bardosen Eli Eli eta Escuderoren Kyrie abestiak interpretatuko dituzte. Zarautz Abesbatzak Burlatako Coral San Blas abesbatzarekin lankidetzan antolatu du kontzertu hau; izan ere, urte luzez abestu izan du etxeko abesbatzak Amabirjin egunaren bezperan Hilarion Eslava Burlatako konpositorearen Salve Regina abestia, eta harremana sendotzeko asmoz, harremanetan jarri ziren bi abesbatzak.
Hain justu, martxoaren 14an Coral San Blas abesbatza Frantziskotarren elizan izan zen kontzertua eskaintzen, eta asteburu honetan gauza bera egingo du Zarauzkoak, Burlatan. Lehenengo hitzorduan bezala, oraingo honetan ere azken zatian elkarrekin abestea aurreikusi dute.
Entzuleei gonbita
Zarautz Abesbatzak herritarrak animatu ditu kontzertura, eta jakinarazi duenez, joan-etorria egiteko hamar plaza ditu autobusean. Inork autobusean joateko asmorik balu, Pinturas Astin eman ahal izango du izena, bihartik aurrera.
Larunbatean autobusa 16:00etan abiatuko da Agoueseneko biribilgunetik, eta 16:05ean jasoko ditu Frantziskotarren autobus geltokian dauden herritarrak. 16:10ean egingo du geldialdia Iñurritzako autobus geltokian, eta handik Burlatara abiatuko da. Itzulera 00:30 aldera egingo dute.