Iñaki Atxaren 'Lurralde basatia' dokumentala emango dute etzi Modelon

Intza Trula 2026ko martxoaren 24a

Iñaki Atxa, kamera bat eskuetan duela.

Atxa argazkilari eta ikus-entzunezkoen sortzaileak dokumentalaren inguruko solasaldia eskainiko du ondoren. 19:00etan jarri dute hitzordua.

Arkamurka natura elkarteak antolatuta, Lurralde basatia dokumentala emango dute etzi, ostegunez, Modelo aretoan. Iñaki Atxa argazkilari eta ikus-entzunezkoen sortzailearen lana da, eta bera ere izango da osteguneko hitzorduan. Izan ere, solasaldia eskainiko du proiekzioa amaitzean.

"Natura eta fauna basatia maite badituzu, ezin duzu galdu hurrengo hitzordua", azpimarratu du Arkamurkak. Atxak ibilbide luzea du munduko txoko askotan fauna basatia grabatzen eta argazkiak ateratzen. Bere begirada zorrotz eta hurbilak aukera ematen du inguruko animalien bizitza isila eta askotan ikusezina dena ezagutzeko.

Saioa 19:00etan hasiko da, eta ondoren egilearekin izango den solasaldia euskaraz egingo dutela jakinarazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide