Jende ugari bertaratu zen atzo arratsaldean Aritzbatalde frontoira, Zarauzko II. Pilota Txapelketa finalekin gozatzera. Bi partida gogor eta bikain ikusteko parada izan zuten ikusleek, giro ezin hobean, emozio handiz lagunduta.
Jubenilen arteko lehian, Eneko Bidezabal zarauztarra eta Etxeberria 20-17 aurreratu ziren, eta txapela eskura zutela zirudienean, Etxabe -Antzizar bikoteak egundoko bukaera egin zuten, markagailu irauliz eta 20-22ko emaitzarekin irabaziz.
Seniorretan, berriz, Uriarte -Segurola bikoteak irabazi zuen, 22-18ko emaitzarekin, Egurrola eta Okiñena mendean hartuta. Partida gogorra eta kalitatezkoa jokatu zuten, pilotari guztiak maila bikaina erakutsiz.
Sariak banaketa ekitaldian Iñaki Artola pilotari profesionalak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak hartu zuten parte. Zarauzko pilota elkarteko kideak, gainera, txapelketaren inguruko balorazio positiboa egin dute. Oro har, oso gustura geratu dira izan duen jarraipenaz eta jardunaldietan izan den giro bikainaz.
"Zarautzen esku-pilota sustatzen jarraitzeko asmoa indartzeko balio izan du txapelketa honek, eta ea aurrerantzean ere horrela jarraitzen duten", nabarmendu dute.