Play-Eruak gaztetxoen hondartzako futbol txapelketan izena emateko epea luzatzea erabaki du antolakuntzak, asteazken gauerdira arte. Izan ere, txapelketaren antolatzaile den Zarauzko Plaieroak taldeak jakinarazi du hitzorduan izena emateko QR kodea arazoak ematen ari dela, hainbat talderi inskripzioa egitea galaraziz.
Hori horrela izanik, epea luzatzearekin batera, izena emateko beste bi bide zabaldu ditu antolakuntzak: lehena, lotura honetan aurki daitekeen galdetegia beteta izango litzateke, eta, bigarrena, antolakuntza@playeruak.eus helbidera idatzita.
Apirilaren 11n jokatuko dute txapelketaren seigarren edizioa. DBHko gaztetxoei zuzendutako txapelketa da, eta, lehiakortasunaz harago, lagunarteko giroa sortzea da txapelketaren helburu nagusia.