Pilota txapelketako finalak, bihar arratsaldean Aritzbatalden

Intza Trula 2026ko martxoaren 21a

Zarauzko II. Pilota Txapelketaren barruan jokatutako partida bat. (Mireia Galarza Bastida)

Jubenilen mailan, Bidezabal eta Etxeberria Etxaberen eta Ancizarren aurka lehiatuko dira. Seniorretako partidan Beitia-Segurola bikoteak Egurrola-Okiñena bikotea izango du aurkari. 17:00etan hasiko da lehen partida, eta hori ikustera joateko sarrera doan izango da.

Bihar amaituko da Zarauzko II. Pilota Txapelketa, ZKE Eskupilotak antolatuta. Final handiak jokatuko dituzte Aritzbatalde pilotalekuan, 17:00etatik aurrera, eta jubenilen zein seniorren partida bana ikusi ahal izango da bertan.

Alde batetik, jubeniletan, Etxabek eta Ancizarrek osatutako bikoteak Bidezabalen eta Etxeberriaren aurka jokatuko dute. Seniorretan, berriz, Egurrolak eta Okiñenak Beitiaren eta Segurolaren aurka ariko dira.

Txapelketaren bigarren aldia "arrakastatsua" izaten ari da, antolatzaileen hitzetan. Kontatu dutenez, jende asko bertaratu da pilotalekura aurreko faseetako partidak ikustera, eta Youtube kanalean emandako zuzenekoek ere ikusle ugari izan dituzte. Bide batez, azken partida hauek ere Youtube bitartez emango dituztela gogorarazi dute. ZKE Eskupilotak "jende asko" espero du bihar harmailetan, baina, hala eta guztiz ere, herritarrei dei egin die frontoira joan daitezen, "maila bikaineko norgehiagokak ikusteko aukera izango baitute".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide