Herriko zarata mapa osatzen hasteko lehen saioa egingo du udalak gaur zortzi

Intza Trula 2026ko martxoaren 18a

Zarauzko hondartzako pasealekua jendez beteta. (Intza Trula)

Martxoaren 25ean, 18:30etik 20:00etara, egingo dute saioa, udaletxeko pleno aretoan. Herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu Zarauzko Udalak, beraien ekarpenak jaso nahi baititu.

Zarauzko Udalak herriko zarata mapa osatzeko lehen saio irekia deitu du datorren asterako. Martxoaren 25ean, asteazkenez, izango da bilera, 18:30etik 20:00etara, udaletxeko pleno aretoan. Diagnostikoaren azalpenak eman ez ezik, udalak herritarrek gaiaren bueltan dituzten iritziak bildu nahi ditu.

Bileraz gain, galdeketa bat ere publikatuko du udalak, aurkezpenaren egun berean, bilerara gerturatu ezin duen orok bere iritzia partekatzeko aukera izan dezan. Galdeketa hori udaleko webgunean egongo da. Horrez gain, ingurumena@zarautz.eus helbidean ere jasoko dituzte ekarpenak.

Zarata mapa osatzea izango da lehen pausoa, eta, ondoren, bigarren fase bati ekingo diote: kutsadura hori murrizteko neurriak diseinatzeari eta ekintza plana osatzeari, hain justu. Bigarren fase horretarako ere herritarren parte hartzea "ezinbestekoa" izango dela azaldu du udalak.

Ingurumen zinegotzi Inaxio Illarramendiren esanetan, "gizartearen antolaketak hainbat zarata sortzen ditu, eta trafikoa, trena, industria eta aisialdia dira zarata iturri nagusiak Zarautzen". Gehitu du, gainera, zaratak eragina duela ongizatean, "eta horregatik gaia aztertu eta aurre egin behar zaio". 2020an egin zuen udalak lehenengo aldiz zarataren inguruko lanketa, eta orain berriro helduko diote gaiari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide