Nadia Erostarbe: "CT zirkuituan dauden proba batzuekin txikitatik amesten dugu surflariok"

Mireia Galarza Bastida 2026ko martxoaren 16a

Erostarbe, Merewether hondartzan. (WSL)

Hurrengo denboraldiari begira "gogotsu" agertu da zarauztarra. Aldi berean, "eskerrik beroenak" eman nahi izan dizkie bere ondoan egon diren guztiei. Sailkatu aurreko egunetan burutik "egoera okerrenak" igaro zitzaizkiola kontatu du. 

Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak World Surf Leaguek antolatzen duen mundu mailako Championship Tourrerako txartela lortu zuen larunbatean. Historia egin du zarauztarrak, lehen emakumezko surflari euskal herritarra baita hori lortzen. Erostarbek Australiako Merewether hondartzan lortu zuen 2026. denboraldirako bere lekua, hain zuzen ere, Bioglan Newcastle Surfest proban.

Zarauztarrak Basque Team Fundazioari emandako adierazpenetan azaldu du oso "pozik" dagoela, baina aldi berean, "lasaitasun handia" sentitu duela, urte "asko" direlako "amets horren bila". Izan ere, bidea ez da erraza izan. Bere lehen txandako azken segundoetako lehentasun akats batek txapelketatik kanpo utzi zuen zarauztarra behar baino lehenago, eta besteen emaitzen menpe gelditu zen orduan. Bi egun itxaron behar izan zituen surflariak, txapelketako azken aurreko egunera arte, Challenger Serieseetako azken geldialdira arte, hain zuzen ere.

Egun horretan, Erostarbe hondartzan begira-begira zegoela, Anat Lelior israeldarra final-zortzirenetan kanporatuta gelditu zen Ellie Harrisonen aurka lehiatu ostean. Horrek ametsa errealitate bihurtzeko balio izan zuen zarauztarrarentzat. "Hasieran galdu eta nire ondoren parte hartu duten neska guztiak ni baino hobeak izan zitezkeela pentsatzeak beldurtu egin nau azken egunotan", azaldu du kirolariak. Aipatutako emozioaz gain, Erostarbek gehitu du bestelako hainbat emozio ere izan zituela joan den astean zehar. Hain zuzen, "konfiantzaz" hasi zuen astea, "oso surf taula onak" zituelako, eta horiekin oso eroso sentitzen zelako, bere txanda iritsi eta akatsa egin zuen arte. Hortik larunbatera arte bere burutik "egoera okerrenak" igaro zirela azpimarratu du zarauztarrak. "Oso triste egon naiz, gertatu zitekeenarekin pentsatzen lo egin ezinik", dio. 

Hurrengo denboraldiari begira "gogotsu" agertu da zarauztarra. "Zirkuituan dauden proba batzuekin txikitatik amesten dugu surflariok", gehitu du. Aldi berean, "eskerrik beroenak" eman nahi izan dizkie bere ondoan egon diren guztiei. 

Egindako lanaren emaitza

Ez da lehen aldia Erostarbek mundu mailako zirkuituan parte hartzen duena. Iaz, Challenger Serieseko seigarren surflaria izan zen, eta beraz, Johanne Defayren baja betetzeko aukeratu zuten. Zirkuituko lehen proban, Hawain, parte hartzeaz gain, beste lau probatan ere parte hartu zuen. Aurtengoa izango da, hala ere, bere lekua zirkuitu osorako bermatuta izango duen lehen aldia, izen propioarekin eta plaza finkoarekin. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide