Gaur abiatuko dute 'Hamabi astetan triatleta' erronka

Intza Trula 2026ko martxoaren 16a

'Hamabi astetan triatleta' erronkaren aurkezpen ekitaldia. (Triatloia Maite Dut)

Triatloi bat lehen aldiz egiteko prestakuntza jasoko dute parte hartzaileek, eta hamabi asteak helburu bera duten jendearekin partekatzeko aukera izango dute. Triatloia Maite Dut egitasmoaren barruko erronka bat da.

Hamabi astetan triatleta erronkaren lehen eguna da gaur, martxoak 16. Triatloia Maite Dut egitasmoak bultzatu du beste behin erronka, eta helburua zera da: triatloi bat lehen aldiz egingo duenari horretarako prestatzen laguntzea, eta kirolariek elkarren artean esperientziak partekatzeko aukera izatea. Pasa den asteartean eman zituzten aurtengo aldiaren bueltako xehetasunak.

Antolatzaileen esanetan, "harrera ezin hobea" izan du aurtengo edizioak: 500 euskaldun baino gehiagok eman dute izena erronkan parte hartzeko. Horien artean, 388 emakumeak dira; hau da, parte hartzaileen %75 –iaz %74koa izan zen kopuru hori–. Alde horretatik, antolatzaileek diote "oso pozik" daudela. "Datu horrek berresten du triatloia gero eta emakume gehiagorengana iristen ari dela, eta, aldi berean, ekimenaren inklusibitatea areagotzen ari dela", adierazi du proiektuaren koordinatzaile Laura Olabarriak.

Sare sozialetako zenbait aurpegi ezagun ere animatu dira aurten triatloia egitera: esaterako, Janire Atxurra, Iker Iribarren eta Unax Uralde eduki sortzaileak ariko dira egitasmoan parte hartzen.

Hamabi aste aurretik

Izenak dioen moduan, erronkak hamabi asteko iraupena izango du. Denbora horretan, astero, parte hartzaileek entrenamendu gidatuak jasoko dituzte. Saio horiek Hektor Llanos triatleta profesional ohi eta entrenatzaileak prestatutako ditu.

Entrenamenduez gain, egitasmotik topaketak eta saio bereziak ere antolatuko dituzte, emakumeei berariaz zuzendutako edukiak sortzeko eta parte hartzaileen komunitatea indartzeko asmoz. Horretarako, hainbat triatloi elkarterekin harremanetan jarri da egitasmoa, eta elkarlanean entrenamendu saioak prestatu dituzte emakumeen parte hartzea "are gehiago" sustatze aldera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide