2025eko otsaileko osoko bilkuran, Zarautz eremu tentsionatu izendatzeko mozioa onartu zen, EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin. Mozio hark "bide argia" markatzen zuela gogorarazi du Zarauzko koalizio subiranistak, baina EAJk ez duela pausorik eman: "Urtebete geroago, ez da tramite bakar bat abiatu, ez da hiru urteko plana egin eta ez zaio Eusko Jaurlaritzari eskaerarik bidali. EAJren jarrera honek herritarren borondatea baztertzen du eta etxebizitza larrialdiari aurre egiteko ezinbestekoak diren neurriak blokeatzen ditu".
Azken egunetan udal gobernuko taldeek iritziak trukatu dituzte gaiaren inguruan, eta EH Bilduk dio egin dituzten adierazpenek argi erakusten dutela "lehentasun ezberdinak" izateaz gain, "kudeaketa falta nabarmena" dutela. Hala ere, koalizioarentzat hori ez da arrazoi nahikoa osoko bilkuran gehiengoz onartutako mozio batek eskatzen dituen jarraibideak ez betetzeko.
"Etxebizitza Zarautzen dugun arazo larriena da, eta gaur egun eskubide hori ez da bermatzen. Etxebizitzak eraikitzea beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Horregatik da hain garrantzitsua Zarautz eremu tentsionatu izendatzea: alokairuen prezioei muga jartzen die, etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurriak aktibatzen ditu, etxebizitza turistikoak mugatzeko aukera ematen du eta gazteen zein errentarientzako babes fiskalak indartzen ditu", azpimarratu du EH Bilduk.
Hori dela eta, koalizioak iritzi dio udalak "berehala" abiatu behar dituela Zarautz eremu tentsionatu izendatzeko tramiteak, "aitzakiarik" eta "denbora gehiago atzeratu" gabe. "Beraien arteko desadostasunak ez ditugu zertan zarauztar guztiok ordaindu", gaineratu du, eta zarauztarrek ez dutela "blokeoan oinarritutako gobernantza eredurik merezi". Etxebizitza politika "ausartak" behar direla nabarmendu du EH Bilduk, eta "horretarako, lehen pausoa eremu tentsionatu izendatzeko prozedura martxan jartzea da"