Esteban Esteban: "Sekula ez dira hiru eguzki eklipse gertatu hain jarraian; historikoa da"

Intza Trula 2026ko martxoaren 13a

Esteban Esteban astronomoa, azalpenak ematen. (Utzitakoa)

Astronomia Astearen barruan, hitzaldia emango du gaur Esteban Estebanek. Urteotan izango diren hiru eguzki eklipseak izango ditu hizpide; abuztuaren 12an izango da lehena.

Arkamurka natura elkarteak antolatutako Astronomia Astean parte hartuko du gaur Esteban Esteban (Bilbo, 1956) astronomoak. Urte hauetan ikusi ahal izango diren hiru eguzki eklipseez hitzaldia emango du, 19:00etan, elkartearen egoitzan: abuztuaren 12an izango da lehenengoa, 2027ko abuztuan bigarrena, eta 2028ko urtarrilean hirugarrena. Adituaren hitzetan, "ez da sekula horrelakorik gertatu Iberiar penintsulan"; horrexegatik, "une historikoa" izango dela azpimarratu du.

Camille Flamarion astronomoak dio herritar orok ikusi beharko lukeela, bizitzan behin behintzat, eguzki eklipse oso bat. Zergatik partekatzen duzu iritzi hori?

Eguzki eklipse oso bat ikustearen sentipena ikaragarria da. Flamarionek dio fenomeno naturalik ikaragarriena dela, eta zientzialari batzuek aurora borealekin alderatzen dute. Hala eta guztiz ere, pertsona bakoitzaren sentiberatasunak eragina du eklipse batez gozatzeko orduan. Bada jendea halako gertaera batetik asko espero zuena, eta agian desilusioa sentitu duena; aitzitik, alderantziz gertatu zaionik ere bada.

Zer dute eguzki eklipse osoek beste eklipseek ez dutena?

Bat-batekoak dira, minutu gutxi batzuk irauten dituzte, eta ukituta uzten zaituztela esatera ere ausartuko nintzateke.

Abuztuaren 12an ikusi ahal izango da hiru eklipseetako lehenengoa. Zehatz-mehatz, zer da gertatuko dena?

Fenomenoak, guztira, ia bi ordu iraungo ditu, baina bi ordu horietatik segundo batzuk soilik izango dira magikoak, nolabait esateko. 20:30 aldera gertatuko da. Eguzki eklipse oso bat gertatzen da Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren artean jartzen denean, eta Ilargiak Eguzkiaren argia blokeatzen du horrela, bere itzala Lurrean proiektatuz. Gaua egun betean ikusiko dugu.

Nola biziko da hori Zarautzen?

Zarautzen, oso gutxigatik, herria ez da bere osotasunean ilunpean geratuko: Eguzkia %99,7 estaliko da, ia ehuneko ehun. Gipuzkoa hegoaldean bai estaliko da Eguzkia osorik, adibidez. Hori horrela izanik, prozesuaren hasieran apurka-apurka iluntzen joango da herria, iluntasuna ia erabatekoa izan arte. Izatez borobil-borobila den Eguzkia zati bat galtzen joango dela ikusiko dugu; Ilargiaren antza hartuko du une batean, formaz aldatzen joango baita. Animaliek ere sentitzen dute egoera hau: ikusi izan dut zenbait bideotan herria ilunpean geratzen denean animaliak lotara joaten, gaua dela pentsatzen dutelako.

Begietan kalterik ez izateko, nola begiratu beharko diote herritarrek eklipseari?

Eklipseak ikusteko balio duten betaurreko batzuk daude, eta Interneten eskura daitezke, nahiko merke. Herritarrek betaurreko horiek beharko lituzkete Eguzkiari zuzenean modu seguru batean erreparatu ahal izateko; bestela, aparatu teknologiko baten bitartez zeharka behatzea litzateke egokiena. Inoiz ez da begiratu behar zuzenean.

Lekuari dagokionez, zein izango da fenomenoa gertutik jarraitzeko gunerik egokiena?

20:30 aldera gertatuko da; hau da, eguna amaitzen hasten denean. Oraindik egun argi izango da, baina eguzkia zeruertzetik nahiko gertu egongo da. Datu horiek kontuan izanda, leku apropos bat topatu beharko da eklipsea ikusteko: Zarauzko hondartza leku egokia izango da, baina, betiere, hobeto izango da Getariako aldetik urrunduz gero.

Eklipseen zalea zaren aldetik, zenbat ikusi dituzu?

Nik, orotara, hiru eklipse ikusteko zortea izan dut orain arte: Normandian bata, Turkian bestea, eta hirugarrena Txinan. Lehenengo aldian lainotuta zegoen, eta nahiko triste geunden, ezer ikusterik lortuko ez genuela pentsatzen genuelako. Bat-batean dena ilundu zen, ez genuen ezer ikusten: sekula sentitu ez nuen sentipena sentitu nuen.

160 urte dira Iberiar penintsulan eguzki eklipse osorik ikusten ez dela. Gertaera historikoa izango al da datorrena?

Momentu historiko baten aurrean gaude, ezbairik gabe, baina ez abuztuko eklipseagatik soilik, datozen bi urteetan gertatuko diren beste bi eklipseengatik baizik. 2027ko abuztuaren 2an beste eguzki eklipse oso bat gertatuko da, eta 2028ko urtarrilean eguzki eklipse anularra; hau da, osoa ez dena. Sekula ez da hori aurrez Iberiar penintsulan gertatu, ikerketak egin direnetik behintzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide