Ehundik gora eskalatzaile lehiatuko dira asteburuan Klimb Masters Euskadi Basque Country txapelketan

Intza Trula 2026ko martxoaren 10a

Dominguez, Gorostizu, Ramajo, Illarramendi eta Otegi, atzoko aurkezpen ekitaldian, Klimb Zarautz rokodromoan. (Intza Trula)

Larunbatean eta igandean, hilaren 14an eta 15ean, jokatuko dute txapelketa, Klimb Zarautz rokodromoan. Nazioarteko eskalatzaile entzutetsuak zein amateurrak ariko dira lehian: esaterako, Shota Amagasa eta Chloe Caudier.

Nazioarteko eskalatzaile hoberenetakoak eta amateurrak bilduko dira asteburu honetan II. Klimb Masters Euskadi Basque Country txapelketan. Klimb Zarautz rokodromoan izango da, larunbatean eta igandean, hilak 14 eta 15: lehen egunean jokatuko dituzte sailkapen faseak, eta finalerdiak zein finala igandean izango dira.

Atzo goizean eman zituzten txapelketaren bueltako azalpen guztiak lehia eremuan bertan, eta xehetasun horiek emateaz arduratu zen Ander Gorostizu hitzorduaren antolatzailea. Halaber, berarekin batera eman zuten prentsaurrekoa Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek, Kirol zuzendari Roberto Ramajok, Turismo zuzendari Libe Otegik, baita Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jakes Agirrezabalek eta Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzi Inaxio Illarramendik ere.

Gorostizuk azaldu zuen moduan, orotara, 105 kirolarik eman dute izena asteburuko lehiarako; horietatik 80 gizonezkoak dira, eta 25 emakumezkoak. Larunbateko sailkapen faseari dagokionez, 08:30etik 18:30era izango da, eta kirolariak lau txandatan banatuta jokatuko dute –txanda bakoitza bi ordukoa izango da–. Antolatzaileak argitu du fase hori itxia izango dela; hau da, txanda horretan lehiatzen ari ez diren kirolariek ezin izango dute rokodromora sartu, eta ikuslerik ere ez da onartuko. Hala, eskalatzaileek zailtasun ezberdineko 30 ibilbide izango dituzte aurrean lehen fasean, eta bakoitzak amaitutako hamar ibilbide zailenek puntuatuko dute.

Fase horretan emaitza hoberenak eskuratzen dituzten 25 eskalatzaileek –emakumeen kasuan oraindik erabakitzeko dago aurrera egingo dutenen kopurua– finalerdietarako txartela eskuratuko dute. Finalerdiak igandean 10:00etatik aurrera jokatuko dituzte, eta bertako hamabi hoberenek, sei neskak eta sei mutilek, finala jokatuko dute. Finala zuzenean emango du EITBk, eta bertatik bertara ikusteko 65 sarrera salduko dituzte, 15 euroan.

Punta-puntako eskalatzaileak

Une honetan nazioarteko sailkapenean dabiltzan eskalatzaileak lehiatuko dira asteburuan Zarautzen; esaterako, gizonezkoen artean izango dira Shota Amagasa munduko laugarrena eta Hannes Van Duysen zazpigarrena. Nesketan, berriz, Chloe Caudier munduko hemezortzigarrena eta Selma Elhadj 40.

Txapelketako ibilbideak Sergio Verdasco Olimpiar Jokoetako ekipatzaileak eta Hori Tsukuru Munduko Kopako ekipatzaileak egingo dituzte, besteak beste. Gorostizuk azpimarratu duenez, horrek ibilbideen kalitatea bermatuko du.

Dominguezek, bere aldetik, antolatzaileek egindako lana goraipatu zuen, "Gipuzkoa nazioarteko mapan eskaladaren eta naturako kirolen erreferentziazko helmuga gisa kokatzen jarraitzeagatik". Berak esan zuenez, turismo mota hori hazkunde "oso nabarmena" izaten ari da lurraldean, eta hori "oso interesgarria" da, "turismo eskaintza dibertsifikatzeko eta naturarekin kontaktuan benetako esperientziak bilatzen dituen bisitaria erakartzeko aukera ematen duelako, ohiko turismo ibilbideetatik kanpo".

Agirrezabalen iritziz, "txapelketak islatzen du Euskadin turismo eredu dibertsifikatu eta jasangarri baten alde" egiten duela. Ildo beretik, txapelketa martxoan izatea positiboa dela esan zuen: "Gure helburu estrategikoetako batean aurrera egiten laguntzen du: turismo eskariaren desestazionalizazioan, elgia". Ramajok ere babesa adierazi zion asteburuko hitzorduari, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaz mintzatu zen: "Txapelketa honen indarra baliatu nahi dugu eskalada emakume gehiagorengana hurbiltzeko, erreferenteak sortzeko eta parte hartzeko aukera berriak zabaltzeko".

Illarramendi ere pozik agertu zen "eskalada bezalako kirol minoritario bati babesa emateagatik". Hala eta guztiz ere, haren esanetan eskaladak "gero eta komunitate sendoagoa" du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide