Zarauzko Plaieroek jakinarazi dute jada aurtengo Play-Eruak futbol txapelketa apirilaren 11n jokatuko dutela. Seigarren edizioa izango du DBHko gaxtetxoei zuzendutako hitzorduak, eta zabalik dago bertan izena emateko aukera. Urtero legez, lehiakortasunaz harago, lagunarteko giroa sortzea izango da txapelketaren helburu nagusia.
Izena emateko bete beharreko arauei dagokienez, ondorengoa adierazi du antolakuntzak: talde bakoitza zazpi jokalariz osatuta egongo da, eta partidetan nahi adina aldaketa egin ahal izango dituzte. Mistoak diren taldeetan genero bakoitzetik gutxienez hiru jokalarik egon beharko dute uneoro jokatzen. Halaber, beharrezkoa izango da talde bakoitzak bi kamiseta eramatea partidetara: bata zuria eta bestea nahi duten kolorekoa.
Neurketek hamar minutuko bi zati izango dituzte. Halere, denbora horretan partida berdinketan amaituko balitz, hiru penalti botako lituzke talde bakoitzak, irabazle bat ebazteko. Halaber, indarrak berreskuratzeko jan-edanerako postua ere jarriko dute, txokolate beroarekin eta frutarekin. Bertan, gainera, plaieroetako kamisetak eta poltsak ere salduko dituzte. Horrez aparte, partiden zuzeneko emankizunak eta elkarrizketak ere egingo dituzte bigarren postu batean, Arraio irratiko kideek.
Izen ematea
Azken edizioetan txapelketak bi egun iraun ditu, baina aurtengoa egun bakarrean jokatuko dute, marea dela eta. Izena emateko azken eguna martxoaren 22a izango da, eta horretarako galdetegi hau bete behar da.
Gainerako edizioetan bezala, jokalari bakoitzak olio botila, dilista paketea, edota sardina edo atun lata eraman beharko dute kuota modura. Bildutako guztia Zarauzko Elikagai Bankuari helaraziko diote; horregatik, jokalariak ez ezik, janaria eman nahi duen herritar oro animatu dute elikagaiak ematera.
Informazio zehatzagoa aurrerago jakinaraziko du antolakuntzak, izen emateen arabera antolatuko baitute txapelketa.