Musika Plaza bete du Zarazte eta Txinpirin abesbatzen kontzertuak

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 7a

Zarauzko Korrika Kulturalaren barruan, emanaldia eskaini dute Zarazte eta Txinpirin abesbatzek gaur eguerdian, Musika Plazan. Hainbat herritar batu dira hitzordura, euskarazko abestiak kantatzera.

Martxoaren 19an abiatuko da 24. Korrika Atharratzetik, eta hamar egunez, Euskal Herria zeharkatuko du, hilaren 29an Bilbon amaitu arte. Hala, egitasmo horren harira, Zarauzko Korrika Kulturala antolatu dute, eta egitarauaren barruan, kontzertu berezia eskaini dute Txinpirin eta Zarazte abesbatzek. 

Gaur eguerdian izan da emanaldia, hain justu, eta herritarrek Musika Plaza goraino bete dute. Euskarazko abestiak kantatzen aritu dira elkarrekin, giro ezinhobean.

Datorren astean ere izango da jarduerarik. Martxoaren 10ean, asteartearekin, euskara eta transfeminismoari buruzko mahai ingurua egingo dute Etxezabalan. Hilaren 14ean, berriz, Jalgi eta Txeru dantza taldeen dantza emanaldia ikusteko aukera izango da, kiroldegiko frontoian. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide