Astronomia Astea antolatu du beste urte batez Arkamurka natura elkarteak, eta oraingo honetan, hiru hitzaldi eta gau behaketa prestatu ditu. Hilaren 12tik 14ra egingo dituzte jarduera horiek, eta bertan astronomiaren zenbait adituk parte hartuko dute: Arkamurkako kide Ander Gonzalez de Txabarrik, Astronomiaren Irakaskuntzarako Elkarteko lehendakari ohi Esteban Estebanek eta Ilatargi astronomia taldeko kide Josu Gonzalezek, hain zuzen. Gau behaketari dagokionez, azken egunean izango da, martxoaren 14an.
Gonzalez de Txabarriren hitzaldiarekin abiatuko dute Astronomia Astea. Martxoaren 12an, ostegunez, Krisia? Zer krisi? izeneko hitzaldia emango du Arkamurkako kideak. 19:00etan hasiko da saioa, elkartearen egoitzan (Santa Marina kalea 2, 2.). Adituaren esanetan, galdera bakar batek gaur egungo kosmologia "kolokan" jarri du, eta galdera hori ondorengoa da: zein azkar ari da unibertsoa zabaltzen? Lehen begiratuan neurketak "sinplea" dirudien arren, azken hamarkadetan galdera horrek zientzialarien artean buruhausteak eragin ditu, Gozalez de Txabarriren hitzetan. Hitzaldan krisi horren jatorriari eta esanahiari buruz hitz egingo dute.
Bigarren hitzordua hurrengo egunean izango da, hilaren 13an, ostirala. Estebanek emango du saioa, Arkamurkako elkartearen egoitzan, 19:00etan. Datozen urteetan izango diren hiru eguzki eklipseez solasean ariko da bertan aditua. Lehenengo eklipsea urte honetarako iragarri dute, abuztuaren 12rako, eta beste biak 2027ko abuztuan eta 2028ko urtarrilean gertatuko dira, hurrenez hurren.
Hirugarren eta azken hitzaldia larunbatean izango da, martxoaren 14an, elkartearen egoitzan. 17:30ean hasiko da saioa, eta Gozalez ariko da azalpenak ematen. Eguzki Sistemaren inguruko hitzaldi bat emango du berak, baina "modu dibertigarri batean". Ilatargi astronomia taldearen Ilatargi X espazio-ontzira igoko dira entzuleak, eta Eguzki Sisteman zehar bidaia bat egingo dute: Lurretik abiatuta, Eguzkira hurbilduko gara, planetaz planeta bidaiatuz, Neptunoraino iritsi eta handik berriz etxera itzultzeko.
Astea amaitzeko, behaketa
Gau behaketarekin agurtuko dute aurtengo Astronomia Astea. Horretarako, azken hitzaldiaren ondoren jarri dute hitzordua, hilaren 14an, 19:30ean, Torreoian. Teleskopioak jarriko dituzte bertan, herritarrek zeruari errepara diezaioten.
Besteak beste, Artizarra eta Jupiter planeta ikustea da elkartearen asmoa, baita zenbait nebulosa, kumulo eta galaxia ere.