Igande honetan jokatuko dute Mahasti Krosa

Aritz Mutiozabal 2026ko martxoaren 4a

Iazko Mahasti Krosa lasterketa. (Onintza Lete Arrieta)

Parte hartze muga ehun lagunekoa da, eta aurki beteko da. Lasterketa 10:30ean hasiko da, eta, ohi bezala, partaideek 7,2 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Talaimendiko parajeetan eta Talai Berri txakolindegiko mahastiuetan zehar.

Martxoaren 8an izango da zazpigarren Mahasti Krosa, igande honetan. Talai Berri txakolindegiak antolatu ohi duen 7,2 kilometroko lasterketa laburra da, zeinetan aipatu txakolindegiko mahastietatik eta Talaimendiko partajeetatik igarotzen diren parte hartzaileak.

10:30ean hasiko da proba, Talai Berrin bertan, eta handik Mollarriko zamalekura jaitsi, mahastira igo eta bertako lursailetan zehar ibili ondoren, hasitako leku berean amaituko da ibilbidea. Kategoria bakoitzeko irabazleek txapela, Manu Urbietaren eskultura eta beraien pisuaren erdia txakolin botiletan jasoko dituzte sari gisa. Bigarren sailkatuek, berriz, Manu Urbietaren margolan bat eta sei botilako txakolin kaxa jasoko dituzte, eta hirugarrenek, azkenik, Manu Urbietaren margolan bat eta hiru botilako txakolin kaxa. Iaz Ibai Makazaga zarauztarrak eta Laiane Arrospide tolosarrak (Gipuzkoa) jantzi zuten txapela.

Urtarrilaren hasieran ireki zuten proban parte hartu ahal izateko izen emate epea, ehun lagunen parte hartze mugarekin, eta une honetan, 94 lagunek dute inskripzioa eginda. Larunbata bitartean eman daiteke izena aurrez, 15 euro ordainduta, herrikrosa.eus atari digitalean; dortsalik geratuz gero, egunean bertan ere izango da horretarako aukera, hiru euro gehiago ordainduta.

Dortsalak bi egunetan jaso ahal izango dituzte partaideek, Talai Berri txakolindegian bertan; batetik, larunbat arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara, eta bestetik, krosaren egunean bertan, 09:30 arte. Era berean, lasterketan parte hartzen duten denei Antton Olariagak diseinaturiko kamiseta eta txakolin botila bana oparituko diete, eta proba amaitzean aldagelak eta dutxak izango dira erabilgarri.

Lasterketa amaitu ondoren, Talai Berriren eta Eusko Labelen eskutik pintxoak eskainiko zaizkie korrikalariei eta bertaratzen diren guztiei. Pintxo bakoitzak euro bat balioko du, baita txakolin kopak ere, eta salmentetatik ateratako diruarekin Eusko Label produktuak erosiko dituzte Zarauzko Caritasek Zarauzko familien artean banatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide