Zaintza ekosistemaren diagnostiko integrala abiaraztearen aldeko mozioa proposatu zuen EH Bilduren udal taldeak, atzo arratsaldean izandako ohiko osoko bilkuran, eta aho batez onartu zen Udabaltza osatzen duten guztien aldeko botoarekin. Koalizio subiranistak eskertu egin zuen jasotako babesa, eta pozgarritzat jo zuen emandako pausoa.
EH Bilduko zinegotzi Ander Lukas arduratu zen mozioa aurkezteaz, eta argi utzi zuen zaintza "herritarren eguneroko bizitzaren funtsezko elementua" dela eta "gero eta erronka handiago" bihurtzen ari dela udalentzat. Biztanleriaren zahartzea, familia ereduen aldaketa, lan erritmo berriak eta bakardadeak goraka doazen heinean, "zaintza jada ez da familia esparruan konpotzen den auzia, politika publikoen ardatza nagusietako bat baizik".
Zentzu horretan, zaintza politikak "egoki garatzeko", EH Bilduk adierazi zuen ezinbesteko dela udalerriko egoeraren dignostiko zehatza izatea: "Diagnostikorik gabe zaila da jakitea benetako beharrak, nola banatzen diren zaintza kargak –bereziki, genero ikuspegitik, zein baliabide dauden, nola funtzionatzen duten eta non dauden hutsune nagusiak. Zarautzen ere erronka horiek guztiak bizi ditugu".
Gipuzkoako Foru Aldundia markatzen ari den norabidea dela azaldu zuen Lukasek, eta adierazi zuen Azpeian, Donostian, Elgoibarren, Orion, Pasaian, Tolosan, Zumarragan eta Gipuzkoako hainbat herritan osatu dituztela jada zaintza ekosistemak.
Era berean, EH Bilduko zinegotziak gogora ekarri zuen 2026ko aurrekontuetarako aipatu disgnostikoa egiteko partida bat bideratzeko eskatu zutela: "Kanpo enpresa espezializatu bat kontratatzeko eskaera egin genuen, Gizarte Zerbitzuetako teknikariak lanez gainezka aritzen direlako, eta jaso genuen erantzuna izan zen ez zela lehentasunezkoa. Zer da lehentasuna, gure herriko adiunekoak, bakarrik bizi diren pertsonak, mendekotasuna duten pertsonak eta zaintza beregan hartzen duten emakumeak ez badira".
Mozioaren bitartez, ondorengo eskaerak egin eta onartu zituzten: zaintza diagnostiko integral bat egitea, genero-ikuspegia eta ikuspegi komunitarioa txertatuta; prozesua egiteko baliabide tekniko egokiak jartzeak, barne talde baten bidez edo kanpo kontratazio espezializatu baten bidez; eta diagnostikoa amaitutakoan, Zarauzko Zaintza Plan Estrategikoa aurkeztea.
Helburuak partekatzen
PSE-EE udal taldeko bozeramaile Inaxio Illarramendik mozioak planteatzen duen helburuarekin guztiz partekatzen dutela azpimarratu zuen: "Zaintza eredu koordinatuago, komunitariago eta bidezkoago batekin, eta genero ikuspegia txertatzearekin bat gatoz. Bertan zehatzen diren gauzekin ados gaudelako ez ezik, norabide horretan lanean ari garelako egingo dugu mozioaren alde".
Horren adibide, Illarramendik gogora ekarri zuen gizarte zerbitzuetan inbertsio gehien egiten duen 20 mila biztanletik gorako udalerrien artean dagoela Zarautz, eta harro egoteko modukoa dela. "Hori ez da kasualitate bat, baizik eta azken urteetan harturiko erabaki politiko bat".
Edonola ere, Illarramendirik ez zitzaion iruditu mozio gisa aurkezteko gai bat zenik. "Gai estrategiko bat da, oso sakona. Lan mahai batean eta dagokion batzordean landu beharrekoa dela uste dut, modu partekatuan, teknikariekin eta talde politiko guztiekin", komentatu zuen.
Gizarte Politiketako zinegotzi Jesus Arana ere kritiko agertu zen EH Bilduk gaia aukezteko erabilitako bidearekin: "Mozioa ez dirudi formato egokiena denik horrelako proposamen bat helarazteko udal gobernuari; batik bat, gizarte gaietan, bai zinegotziak bai departamentuak harreman irekia izan duelako".
Helburuekin lerrokatuta
Aranak azaldu zuen udala urteak daramatzala mozioaren zioan azaltzen diren "hainbat helbururekin lerrokatuta"; egunerokoan, Gizarte Zerbitzuek osatzen duten taldeak barneratuta dituen helburu estrategikoetan, eta politikoki, Zarautz 2030 Plan Estrategikoan eta gure agintaldi planean. Halaber, Lukasi zuzendu zion esanez, "aurrekontuetan ez genuen esan ez zela lehentasuna, ez zela momentua baizik".
Arrazoitu zuen une horretan Zarautz Oinarrian proiektu pilotua egonkortzen ari zirela, Goizetik bakardadean egoeran dauden adineko pertsona zaurgarriei zuzendutako arreta zerbitzuarekin lanean eta beste proiektu estrategiko batzuei forma ematen. "Baina behin proiektu horiek denak gauzatutakoan, bada momentua. Aldundiarekin harremanetan gaude, hurrengo diru laguntzen lerroan sartzeko eta horrelako proiektu bat aurrera eramateko". Une oro, aldundiarekin eskutik emada gizarte politiketan "aintzidariak" direla nabrmendu nahi izan zuen Aranak.
Hitzarmena onartuta, Asti kirolgunea zabaltzeko
Abenduaren 4ko ezohiko udalbatzarrean hasierako onespena eman zioten Astiko Sakoneta baserriaren inguruko lurrak erosteko hitzarmenari, eta atzo, alegaziorik jaso ezean, behin betikoz onartu zen proposamena, udal gobernuko kideen aldeko botoekin; EH Bildu kontra agertu zen aurreko aldian bezala. “Hitzarmen honen bidez, 25.000 metro koadro inguru bereganatuko ditu udalak, egungo Astiko kirol gunearen alboan, Zarauzko herriarentzako kirol arloko azpiegitura garrantzitsua izango den zabalpena gauzatu ahal izateko”, adierazi zuen Garbiñe Oiarbide Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak otsaileko batzarrean.
Lursaila 1,6 milioi euroan erostea adostu dute, eta bi zatitan egingo da ordainketa: hitzarmena onartutakoan, zenbatekoaren %10a (160.000 euro) ordainduko dio jabeari, eta, gainontzeko %90a (1.440.000 euro), udalak Astiko kirol instalazioak handitzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa onartzen duen momentuan. Honenbestez, orain HAPOaren aldaketa puntuala lantzeari ekingo dio udalak, eta urte honetan zehar behin betiko onespena ematea aurreikusten du.