Ez da makala Gipuzkoa Sortzen klubeko gizonezkoen lehen taldeak lortutakoa. Zarauzko eta Lasarte-Oriako errugbi taldeen nahiz Donostiako Bera Beraren baturak sortu zuen ekipoak 2024-2025 denboraldian hasi zuen bere bidea Ohorezko B Mailan, eta igoera fasera sailkatzea lortu du aurtengoan. Oinez hasi berritan, beraz, korrika egitera ausartu da taldea. Sevillaren aurkako partidarekin estreinatuko du fase berria, igandean, Zarauzko Astin, eta aurrerantzean, Ohorezko Elite Maila izango du zerumugan.
2024az geroztik, Zarautz Rugby Taldeak beste bi klubekin partekatzen du armarria. "Behar batzuk ikusten genituen; batetik, jokalari kopuruari zegokionez nahiko justu genbiltzan, eta bestalde, behar ekonomikoak handitu zitzaizkigun. Kluben artean hitz egin genuen eta erabaki genuen elkartzea zela bide egokiena", esplikatu du Mikel Larrañaga Zarautz Rugby Elkarteko lehendakariak. Horrela, Lasarte-Oriako eta Zarauzko klubek aspalditik duten elkarlanera batu zen Donostiako taldea, eta senior mailako gizonezkoen hiru ekipo sortu zituzten: lehen taldeak Ohorezko B Mailan jokatzen du, bigarrenak Euskal Ligako lehen mailan, eta hirugarrenak Euskal Ligako bigarren mailan.
Egiaz, Zarauzko errugbi taldeak hamahiru urte daramatza Ohorezko B Mailan jokatzen, eta kategoria mantendu zuen Gipuzkoa Sortzen proiektuan sartu zenean. Hala ere, aldaketak izan ziren iaz: lehenengo (Ohorezko Maila) eta bigarren (Ohorezko B Maila) mailen artean Ohorezko Elite Maila sortu zuten 2024-2025 denboraldian igoera fasera sailkatu ziren taldeekin. Ondorioz, nahiz eta iaz ez ziren mailaz jaitsi, hirugarren multzoan jokatzen dute Gipuzkoakoek orain.
Antza, baturaren urdin marratuak ondo ematen die aurrez nork bere herrian militatu zuten taldeetako jokalariei, lehenengo fasean emaitza bikainak lortu baitituzte Ohorezko B Mailako gizonek. Edo kasik bikainak: partida guztiak irabazi dituzte, Getxoren kontra jokatutako biak salbu. "Igoera fasera sailkatzea zen gure lehen helburua, eta lortu dugu, nahiko eroso gainera", esan du Larrañagak. Orain, fase berriari haginka egiteko prest dira.
Helburua, gozatzea
Ohorezko B Mailako taldeek hiru multzotan banatuta jokatu dute ligako lehenengo fasea, eta multzo bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuek jokatuko dute asteburu honetan hasiko den igoera fasea. Hortaz, datozen asteetan zortzi aurkariren kontra neurtuko dituzte indarrak Gipuzkoa Sortzeneko gizonek: partida bana jokatuko du talde bakoitzaren kontra; lau etxean eta beste hainbeste kanpoan. Igoera fasean jarrita dituzten itxaropenez neurritsu mintzo da Larrañaga: "Aldaketa asko izan ditugu aurten. Arrazoi desberdinengatik, ia taldearen erdiak ez du gurekin jarraitu, eta jende gazteak eman du pausoa aurrera". Aurkariei dagokienez, Zarautz Rugby Taldeko lehendakariak adierazi du lehenengo fasean garaitzea lortu ez zuen talde bakarra izango dela Gipuzkoa Sortzenek aurrez aurre izango duen ekipo indartsuena: Getxo. "Esango nuke Getxok finalean egoteko moduko jokalariak dituela", agertu du.
Emaitzei lotutako espektatibak alde batera utzita, Larrañagak ziurtatu du Gipuzkoa Sortzeneko jokalariek "gerra" emango dutela igoera fasean. "Fase hau garrantzitsua izango da jokalariek ikus dezaten indarra eta gaitasuna dituztela. Helburua gozatzea da, eta zerbait lortzen badugu, finalaurrekora edo finalera iristea, adibidez, ospatuko dugu, baina bestela ez da ezer gertatzen. Saiatuko gara ahalik eta urrutien iristen, baina presiorik gabe", adierazi du. Maiatzaren erdialderako erabakita egongo da zeintzuk izango diren finalaurrekora sailkatuko diren lau taldeak, eta ekaineko lehenengo astean jokatuko dute final handia.
Aurrena, igandeko erronkari egin beharko dio buru Gipuzkoa Sortzenek. Sevillaren aurka dute hitzordua, 12:00etan.