Rock alternatiboa lantzen duen Madrilgo taldea da Rufus T. Firefly, 20 urte urteko ibilbide oparoa duena, eta Espainiako panorama independenteko proposamen zirraragarri, bezain magnetikoenetako bat da. Datorren maiatzaren 22an, ostiralarekin, Modelo aretoan ariko da zuzenean, 20:00etatik aurrera.
Kontzertua I Love Rock Kultur Elkarteak antolatu du, Zarauzko Udalaren laguntzarekin, lehen mailako musika emanaldiak "herriko arima eta nortasun propioa duten espazioetara hurbiltzeko" helnuruarekin. Urte askoan Rockumentalak! musika dokumentalden zikloa antolatu zuen aipatu elkarteak, eta etenaldi baten ostean, iazko azaroan Lilly Hiatt country-rock artistaren kontzertua antolatu zuen.
Rufus T. Firefly taldearen kontzerturako sarrerak joan den ostegunean jarri zituzten salgai, eta Modeloko txarteldegian eta Kutxabankeko atari digitalean eskuratu daitezke, 10,50 euroren truke.
Kultuzko banda
Victor Cabezuelo eta Julia Martin-Maestro dira Rufus T. Fireflyko buru, eta urte hauetan guztietan zehar ibilbide paregabea eraiki dute kultuzko banda bilakatu arte. Haien musika emozioz betea eta sofistikatua da, eta naturaltasunez uztartzen dituzte rocka, psikodelia eta esperimentazioa. Zuzenekoetan, gainera, atmosfera hipnotiko gorenak sortzeko gai dira.
Makina bat disko argitaratu dituzte, non Magnolia, Loto edo El Largo Mañana bezalakoak funtsezkoak izan diren Espainiako nahiz nazioarteko areto eta jaialdietan aritzeko. Iaz Todas las Cosas Buenas kaleratu zuten, eta disko berriaren aurkezpen biran etorriko dira Zarautzera.
"Areto eta jaialdi handietan jardutera ohituta, Rufus T. Firefly Modelo aretoan izatea aukera paregabea eta ezohikoa da: bere zuzenekoaren intentsitatea eta edertasuna esperimentatzeko aukera, historiaz beteriko espazio hurbil eta intimo batean", nabarmendu dute I Love Rock elkarteko kideek. Rufus T. Fireflyren kontzertu bakoitza emanaldi bat baino gehiago dela gaineratu dute: "bidaia bat da, esperientzia partekatu bat, denboran etendako une bat".